Madalenen balorazio baikorra egin du Udalak

Pasa berri diren Madalen jaien balorazio baikorra egin du Errenteriako Udalak. Ion Collar, cultura zinegotziak, eskerrak eman dizkie festak posible egin dituzten pertsona guztiei, hiritar eta langileei. Andra Mari abesbatza nabarmendu nahi izan du bere prentsa oharrean. Aurtengo txupinazoan haiek izan ziren protagonista. Haiek, eta garbitasun handiagoa. Azken urteetako norabideari buelta eman eta Holi txupinazora bideratu dira txupinazoa beste modu batera bizi nahi duten pertsonak, kolore hautsez zipriztinduta. Txupinazo hau ere arrakastatsua izan zen. Baita txupinazo txikia. Dagoeneko jaietako zita garrantzitsu bihurtuta dago.

Aurtengo gertaera ezkorrena zenbait emakumek jasandako erasoak izan ziren.

Azkenik, kontzertuek izan duten arrakasta ere nabarmentzekoa izan da. Aurten gustu guztiak asetzeko moduko eskaitza osatu baita.

Hona hemen Collarren balorazioa, osorik:

Datorren irailean Jai Batzordeak eta Kultura Batzordeak bilera egingo dugu Madalenak 2016 sakonago baloratzeko. Dena den, Kultura Zinegotzi naizen aldetik eta Gobernu Taldearen izenean, Madalenak ondo atera zitezen ahaleginak egin eta konpromisoa hartu zuten agente guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Pertsona eta elkarte horien ahalegin eta inplikaziorik gabe ez genuke jairik izango, eta horregatik utzi iezadazue nire lehengo hitzak haien lana aintzat hartu eta eskertzeko izatea: “Zorionak eta Mila Esker danori”.

Era berean, udal departamentu guztiei eta herriko jaiak antolatzen lan egin duten langileei eskerrak eman nahi dizkiet, horien lana eta eginahala ezinbestekoa baita jaiak aurrera atera daitezen: mantenimendua, kultura, udaltzainak… eta abar, eta, bereziki aitortu behar dut garbiketa zerbitzuaren ahalegina, arintasuna eta eraginkortasuna. Izan ere, uztailaren 21etik jaiak amaitu arte gure herria eta bertako kaleak jai gune atsegin bat bihurtu dute. Halaber, osasun-ekipoari eta Babes Zibileko kidei, uneoro guztia zaintzen aritu dira eta. Eskerrik asko!

Ezin dugu alde batera utzi aurten omendu duten erakundea: Andra Mari Abesbatza. Batetik, lehenengo berrogeita hamar urteak ospatu ditugulako, eta, bestetik, ondorengo urteetan ere gure herriaren izena eramaten jarraituko dutelako joaten diren lekuetara. Aurten raketisten presentzia eta partida oso berezia izan da eta harro esan dezakegu “Agustina Otaola” izeneko gure frontoia eta Errenteria erreferente direla, pilota modalitate hori sustatu eta emakume kirolariak aintzat hartzeko. Eta azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu eguneroko jardunean lankidetzan aritu diren herritar guztiei, Madalenak deituriko zirrara horren egiazko eragileak baitzarete.

Madalenei buruzko balorazioa ezin da positiboagoa izan. Eguraldia nahiko lagun izan dugu, Madalenak giro on batean gozatu ditugu, ehunka ekitaldi antolatu dira eta jaietan milaka herritarrek, herrikoek nahiz inguruko herritakoek, parte hartu dute. Eta, hitz hauek balio dezatela Jai Batzordeak egindako lana aintzat hartu eta nire omenaldi xumea egiteko.

Gazteak, beren ekarpenak eta musika izan dira protagonista nagusiak Madalena hauetan. Aurten alor horietan saio berezia egin dugu espazio parte-hartzaile berriak zabalduz; eta zalantzarik ez dugu, jarri genituen itxaropenak bete egin dira, gure herriko gazteek proposatutako Holi Festak arrakasta itzela izan du eta kolore askotariko Txupinazo Txikia egonkortu egin da. Holi Festa gauzatzeak, jaien aurreko kontzientziatze lanarekin eta aisialdiko begiraleen eta DYAko boluntarioen egitekoarekin batera, aukera eman du txupinazo garbiagoa bat izateko eta Txupinazoaren ostean Xanti eta Maialen gure lagun kutunak Herriko plazara dantza egitera ateratzeko. Arrakasta berme handiagorik ez dago, parte-hartze gune horietan sortutako proposamenak entzun eta gauzatzea baino. Nabarmendu behar dugu kontzertuen ugaritasuna eta kalitatea, musika aukera anitza gure herriaren parean dagoena. Langintza horretan adin guztietara bideratutako programazioa izan dugu, Euskalgunearen eta “Txozna Batzordea”ren espazioen eta inplikazioaren laguntzarekin batera.

Izugarriak, zirraragarriak izan dira danborradak eta horietan inplikatutako jendea, parte-hartzaile nahiz ikusle gisa. Eta ez dugu hitzik herri-bazkarientzat, bai Txupinazoa baino lehenago izan zen Jai Batzordeak antolatutako bazkaria, bai Koadrilen Egunean antolatutakoa (eguraldi kaskarrak jaia blaitu nahi izan zuen, baina ezin izan zuen koadrilen adorearekin eta ilusioarekin); benetan uste dut ekitaldi horiek direla herri oso baten inplikazioaren eta sentimenaren “termometro” zehatza. Guztiok parte hartu duzue jaietan sentimen komun bat sortuz: herriaren eta herriarentzako jaiak.

Herritarrak gonbidatu nahi izan ditugu jaiak Errespetuan, Aniztasunean eta Berdintasunean gozatzera eta hainbat balio kontuan hartzera. Urtetik urtera, balio horiekin lan egingo dugu eta elkarteen arteko lankidetza sustatuko dugu, era horretan Udalaren eta elkarteen arteko sarea sortu, eta, guztion artean jaiak antolatzeko ardura konpartitzeko.

Nabarmendu nahi dugu herri oso baten inplikazioa eraso egin zaien pertsonen alde gaitzespena eta solidaritatea agertzeko. Herritarren konpromisoa eta borondatea da eraso sexista gehiagorik ez izatea, ezta bat bera ere!

Oro har, jaiak inoiz baino gehiago gozatu ditugu, giro atsegin batean, eta, baita berrikuntza askorekin ere. Zorionez jaiak normaltasunez joan dira, nahiz eta lapurretak, laguntza medikoak… izan diren. Hortaz, dagokigun ardurarekin batera, datorren urteari begira gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugu mota horretako gertaerak edo ezbeharrak gutxitzeko, nahiz eta jakin zaila dela aurreikustea.

Amaitzeko, herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu izan duten pazientziagatik. Badakigu askotan zaila izaten dela jairako eta atsedenerako eskubidea uztartzea, eta horren haritik bihotzez eskertu nahi dizuet erakutsitako pazientzia.

Eta Madalenen balorazioa amaitzeko, aukera hau baliatu nahi dut gure herritarrari, Ane Santesteban txirrindulariari, zorterik hoberena eskaintzeko, Rion Joko Olinpikoetan izango baita. Ane, sarritan… ametsak bete egiten dira, zure ondoan herri oso bat izango duzu saria lortzeko. Zorte on!

Gora Madalenak! Gora Herria! Gora Zuek!

Ion Collar

Kulturako Zinegotzia!