Etorri berriek euskara ikasteko lehen urratsak eman ditzakete Aisa-ren bidez

aisa_kartelaOarsoaldeko Euskara Batzordeak herritar etorri berrientzako hastapeneko AISA euskara eskolak antolatu ditu lau herrietan udal euskaltegiekin eta AEKren euskaltegiekin elkarlanean. Errenteriara, Lezora, Oiartzuna eta Pasaiara munduko gainerako herrietatik etorri berri diren eta herri horietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrentzat pentsatuta dago ikastaroa eta bere helburua Euskal Herrira Oarsoaldera etorri berri diren herritarrek euskararantzako lehen hurbilpena egitea da. Gerora, euskaltegien ohiko eskaintzetara urratsa egiteko moduko lehen oinarri eta bultzada izatea.

Errenteriako eta Pasaiako Udal Euskaltegietan eta lau herrietako AEKren euskaltegietan (Errenteriako Xenpelar AEK) izango dira.

Euskaltegi horietako irakasleek emango dituzte eskolak baina horrek ez du nahitaez eskolak euskaltegietan emango direnik esan nahi. Eskolak emateko lekua moldatu ahal izango da, beraz, ikasleek nahi luketen beste egoitzaren batera ere.

Ikastaroaren iraupena:

Ikastaroa 60 ordukoa izango da eta eskolak urriaren 3tik otsailaren 5era bitartean emango dira, asteko lau orduko erritmoan.

Ikastaroaren modulazioak eta ordutegia ikasleek aukeratu/erabakiko dute, ahal dela, izena emateko orduan edota, bestela, taldekatzeko deia egiten zaienean. Asteko egunak aukeran izango dituzte, asteko bi orduko bi saio egiteko, baita, nahi izatera, larunbat goizetan lau orduko saioa egiteko aukera ere.

Matrikulatzeko epea eta modua:

Irailaren 1etik 30era (biak barne). Nork bere herriko udalaren euskara zerbitzura deitu edo joan beharko du:  Errenteriako Euskara Zerbitzua 943 449 613 (Herriko enparantza z/g)

Matrikularen prezioa 5 €koa izango da. Matrikularen kostuari aurre egiteko laguntzei buruzko informazioa eskatu daiteke. Ikasturte amaieran, ikasturtearen aprobetxamendu egokia egin duten ikasleek ikastaroa egin izanaren agiri bat eskuratuko dute.

Aisa ikastaroetan parte hartuko duten gurasoentzako eskola orduetan doako haurtzaindegi zerbitzua eskaintzeko aukera aztertuko da kasu bakoitzean.