Errenteria musika eta kultur topagune bilakatzeko prest

Atlantikaldia_itsasontziak

Ordu gutxi barru emango zaio hasiera ofiziala Atlantikaldia jaialdiari, irailaren 22tik 25era bitartean ospatuko den musika eta kultur jaialdiari. Lau egunez munduko musika eta kulturen topagune bilakatuko du Errenteria.

Ehun kultur emanaldi inguru, hiru oin izango dituen jaialdian: musika emanaldiak, kultur ekimenak eta Tosta herrixkaren lehorreratzea. Aurtengo edizioan aniztasuna izango da jaialdiaren ardatza. Kultur egitaraua aniztasunaren isla izango da; hizkuntza, jatorri, estilo, nahasketa, adin eta eskaintza ezberdinak bilduko baitira Errenteriako gune ezberdinetan.

Elkarbizitza sustatuz, Errenteriako kultura eta hizkuntza aniztasuna Atlantikaldia aberasteko baliatuko da. Halaber, Atlantikaldiak esfortzu berezia egin du umeek eta familiek mota guztietako ekimenetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Orotara 27 jarduera dira haurrentzako antolatu direnak.

Irekiera ekitaldia
Arratsaldeko 18:00etan egingo da Atlantikaldiaren irekiera ofiziala Zumardian. Jaialdia modu berezian porturatuko da Errenterian, Sorginak taldearen perkusio doinuak, Jon Maya dantzariak zuzendutako Errenteria Musikaleko ikasleen perfomancea eta Banaiga Banda, euskara ikasten ari diren herrialde ezberdinetako pertsonez osatutako musika taldearen emanaldiaren fusioarekin.

Inaugurazioak musika emanaldiei, kultur ekimenei eta Tosta herrixkari emango dio lekukoa. Lehen kontzertua Kepa Junkera eta Sorginak & Chet Nuneta taldeen arteko kolaborazioa izango da. Euskal Herriko trikitixak eta Frantziako ahots polifonikoek bat egingo dute Atlantikaldirako propio sortutako ikusikizun bakarrean arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Lehendakari Agirre plazan.