San Tomas egunean txistorra postua jartzeko deialdia ireki dute

San Tomas_13

Oraindik hiru hilabete falta diren arren, San Tomas egunean txistorra postuak jartzeko eskaera egiteko epea gaur, hilak 27, irekiko da eta urriaren 6an amaituko da.

Eskaerak udaletxeko erregistroan aurkeztu beharko dira, han bertan edo Niessen Kulturgunean (Alfontso XI kalea) jaso daitekeen eredua erabiliz. Eskaerarekin batera, jarri nahi den postuaren krokisa aurkeztuko da, neurri eta ezaugarriak adieraziz.

San Tomas Batzordea dagoeneko hasi da lanean, eta urriaren 14an, egingo dute aurtengo azoka antolatzeko lehen bilera. 19:00etan jarri dute hitzordua Merkatuzarren. Horrenbestez, azaltzeko deia egin diete pasa den urtean parte hartu zuten elkarte guztiei, eta aurten ere han egon nahi dutenei.

Gogoan izan postua jartzen duenak, antolaketan ere parte hartu behar duela eta bilerara bertaratu beharko duela.