Gobernu taldeak prest ditu 2017rako ordenantza fiskalak

120161006_120257Gobernu taldeak prest ditu 2017rako ordenantza fiskalak. Dagoeneko helarazi dizkie beste alderdi politikoei eta hilabete honetako plenoan eztabaidatzea espero da. Jon Txasko eta Ion Collar zinegokiek gaur emandako prentsaurrekoan adierazi dute Ordenantza fiskal hauek egungo testuinguru bereziak baldintzatu dituela: “alde batetik, krisi ekonomikoa dugu, eta, bestetik, zerbitzuen kalitatea mantentzeak eragindako gastuei aurre egin beharra”.

Udal-gobernuak, “jakitun izanik familiak ahalegin handia egin behar izan dutela krisi luze honetan, eta kontuan izanda urtetik urterako KPIa, proposatzen du aurten ere ordenantza fiskalak izoztea, salbuespen gutxi batzuekin, eta jarduera ekonomikoa sustatzeko eta ingurumena babesteko neurriak mantentzea”. Hauek dira aldaketak:

  1. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean sartuko dira ondasun higiezinen balio katastral berriak, Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den berritze- eta eguneratze-lanaren ondorioz. Balio katastral horiek eguneratzeak etxebizitzen balio katastralak igotzea ekarriko du oro har, eta lokalen kasuan, berriz, balio katastralak jaistea. Aldaketak ez dira zona guztietan modu homogeneoan ematen, eta zona batzuetan aldaketa horiek funtsezkoak dira. Balio katastralen aldaketak OHZ zergaren erreziboetan aldaketa nabarmenegirik ekar ez dezan, proposatzen da ondasun higiezinen gaineko zergaren karga-tasa % 16,6 murriztea.
  2. Ikusirik hondakinak jaso eta deusezteko zerbitzuaren kosteek azken urteetan izan duten hazkundea, bereziki GHKk 2015eko abenduaren 22an onartutako tarifa-igoeraren ondorioz, aurretik zerbitzuak zuen estaldura portzentajea berreskuratzeko asmoz, proposatzen da tarifak % 10 igotzea. Era berean, hondakinen poltsan dagoen materia organikoaren portzentaje handia egiaztatu ondoren, eta kontuan hartuta horrek zerbitzuan duen eragin ekonomikoa eta konpostaje komunitarioko eta etxeko konpostajerako programetan parte hartzen dutenek ez dutela hondakinen udal bilketa sistema erabiltzen, honako hobariak igotzea proposatzen da:
    1. – % 25etik % 30era, konpostaje komunitarioko eta etxeko konpostajerako programetan alta emanda dauden etxebizitzen tarifan
    2. – % 10etik % 25era, biohondakina bosgarren edukiontzia (marroia) erabilita hondakinak gaika jasotzeko udal-programan aktiboki parte hartzen duten etxebizitzen tarifan.
  3. Proposatzen da ur-horniketaren eta estolderiaren zerbitzua emateagatik erabiltzaile bakoitzeko ordaindu beharreko kuota finkoa igotzea, hiruhileko bakoitzeko 0,67€. Igoera hori justifikatua dago egun irakurketa eskuz egiteko kontagailuak daudelako eta irrati bidezko kontagailuak jarri behar direlako. Inbertsio hori 10 urteko epean egitea aurreikusten da. Egungo irakurketa-sistemak zaildu egiten du hiruhileko irakurketa egitea eta ur galerak eta matxurak ezin izaten dira antzeman.
  4. Aurreikusten denez 2017an etxez etxeko arreta zerbitzu osagarria ezartzea, proposatzen da aurtengo ordenantza fiskaletan tasa hori sartzea. Tasaren kostua izango da 0,28 €/orduko.
  5. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari dagokionez, onura fiskal batzuk eskuratu ahal izateko beharrezko tramiteak erraztu eta baldintzak betetzen dituzten zergadun guztiei ezarri ahal izateko, proposatzen da jarraian zerrendatuko diren obretarako dauden hobariak indargabetu eta onura fiskala aplikatzea zerga tasa murriztuta. Zerga tasaren murrizketa obra horietarako dagoen hobari-portzentajearekiko proportzionala izango da. Hizpide ditugun obrak honakoak dira:
    1. – Energia-eraginkortasuna hobetzeko sistemak barneratu eta fatxada edota estalkiei eragiten dieten konponketa integralerako obrak
    2. Etxebizitzetarako hiri lurzoruan eta hirugarren sektoreko lurzoruan lokalak eraberritu edo egokitzeko obrak, honako jardueretarako: merkataritza-jarduerak, zerbitzu-jarduerak, ostalaritza- eta sukaldaritza-establezimenduak

Bestalde, aurreko urteetan jarduera ekonomikoa sustatzeko onartutako neurri fiskalak mantentzen dira, merkataritza-jardueretarako lokalak birgaitu eta egokitzeko obren ingurukoak, merkataritzako lokal txikiei lagundu behar baitzaie. Era berean, ingurumenaren arloko hobariak ere mantendu dira, energia berriztagarriak eta langileentzako garraio-planak sustatzearren, hartara energia-kontsumoa eta isuriak gutxitzeko.

  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren gaineko hobariak mantendu dira bereziki babestutako kooperatibentzat, enplegua sortzeagatik edo eguzki-energia erabili edo sortzeagatik edo langileentzako garraio-plana ezartzeagatik
  • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko Zergaren kuotaren gaineko hobariak mantendu dira ibilgailu elektriko eta hibridoentzat eta kilometroko 120 g CO2 baino gutxiagoko isuriak dituztenentzat
  • Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren tasa gutxituko da ohiko etxebizitzako obretan, hirigune historikoa birgaitzeko obretan, konponketetan, fatxaden pintaketan eta teilatuen konponketan
  • Halaber, Obren gaineko Zergako hobariak mantenduko dira interes bereziko obretarako (% 95), ikastetxe publikoetan egindako obretarako (% 95) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzen dituzten obretarako (jarduera babestuak) (% 34 arte)
  • Lurzoruaren erabilpen pribatuaren edo probetxamenduaren gaineko tasa izoztuko da mahaitxoetarako (2015ean % 20ko gutxitzea izan zuen)
  • Lizentziaren tasa ordaintzetik edo aurrekomunikazioa egitetik salbuetsita egongo dira aurten ere 6.000 € baino gutxiagoko aurrekontua duten obrak
  • Bere horretan mantenduko da establezimenduak jarri eta irekitzeko lizentzien edo aurrekomunikazioa behar duten jardueren (jarduera kontrola) lizentzien tarifen gutxitzea, alegia 2016ko maiatzaren 17tik aurrera aplikatzen dena. Tarifa berriak sailkatuko dira jardueraren eta lokalaren azaleraren arabera. Gutxitze honek eragin handiena izango du aurrekomunikazioa behar duten jardueretarako erabiltzen diren 150 m2 arteko establezimenduetan, tarifa 561,50 € beharrean 100 € izango baita (% 82ko gutxitzea).