Aita Donostia abesbatzak abestuko du urtarrilaren 28an basilikan

aita donostia abesbatzaUrtarrilaren 28an, larunbatez, Maria Magdalenaren Basilikan kontzertua izango da. Maria Magdalenaren Lagunak Elkarteak antolatu du, ohi bezala. Oraingo honetan Aita Donostia abesbatza izango da kantari. Honako kantak interpretatuko dituzte:

Programa

  • 1.- Agurra J. Luis Ansorena
  • 2.- Agur María José Uruñuela
  • 3.- O Jesu Christe J. Van Berchem
  • 4.-On suuri sun rantas Matti Hyökki
  • 5.- Atoz Izpiritua Aita Donostia
  • 6.-Padre Nuestro Lorenzo Ondarra
  • 7.-Preludio Manuel Oltra
  • 8.-Se equivocó la paloma Carlos Gustavino
  • 9.-A tu lado Javier Busto
  • 10.-Maitia nunzira F. de Lazcano
  • 11.- Goiko mendigan J. Guridi
  • 12.-Illunabarra Santesteban
  • 13.-AxuriBeltza Javier Busto
  • 14.- Irutxito Aita Donostia

Aita Donostia abesbatza

1985ean sortu zen abesbatza. Donostiako Kaputxinoen “Gaztedi Antonianoen” elkartearen urrezko ezteiak zirela-eta, txikitan Lurdesko Ama Birjinaren Eskolanian ibilitako hainbatek, beste zenbait lagunekin batera, koro bat sortu zuten. Aita Donostia Abesbatza izena aukeratu zuten, berorren lehenengo zuzendaria Patxi Balenciaga kaputxinoa izan zela.

Aita Donostia Abesbatzak, urtetik urtera, gero eta parte hartze handiagoa izan du Elizako liturgian edo hainbat lehiaketa zein kontzertutan. Beste zenbait korurekin truke eginez ere eman izan ditu kontzertuak: Errioxa, Kantabria, Madril, Asturias, Nafarroa, Huesca, Toledo, Aragoi, Leon, Kataluina, Soria eta abar. Atzerrira ere egin ditu bidaiak, eta horietan aipagarriak dira Cast res-en (Frantzia) eskainitako kontzertua eta 2006an Argentinan zehar egindako bira.

Antzeko eran, abesbatza-lehiaketetan ere parte hartu du, kasurako: Ejea de los Caballeros, Autol, San Vicente de la Barquera, Aviles, Zumarraga, Benasque eta Arrigorriaga. Emaitza bikainak lortu ditu horietan, adibidez, 1993an Autol-en (Errioxa) lortu zuen lehenengo saria. Zenbait grabaketa ere egin izan ditu EITBrentzat, eta horrez gain, “Dira dira Donostiako inauteriak” edo “Euskal billera 1901-2001” eta “Kaskarinak…dira” diskoen grabaketetan ere parte hartu zuen.

 

Abesbatzak Aita Donostia Aste Musikala antolatu ohi du 1998z geroztik, bere zuzendaria den Javier Alberdik bultzaturik. Aste Musikalean gure abesbatzak beste zenbait koru euskaldun, espainiar eta atzerritarrekin batera abestu izan du, goi mailako piezak eskaini izan ditu horietan, besteak beste: XVIII. mendeko Misa Ferialis (anonimoa), Réquiem (G. Faure), Felipe Gorritiren Meza, Rossiniren Meza Txikia, Mozarten Koroatze-Meza, eta Karl Jenkins-en The Armed Man (A Mass for Peace).

Aipaturiko hau dena egin du eta beste hainbeste egiteko asmotan da 65 pertsonaz osaturiko “Aita Donostia” abesbatza, Javier Alberdiren zuzendaritzapean.