Eskola Publikoetako matrikulazio kanpaina hasiko da urtarrilaren 30ean

matrikulazioaUrtarrilaren 30etik otsailaren 10era bitartean Euskal Eskola Publioketako matrikulazio kanpaina izango da. Haurrak nola eraman erabaki aurretik, ikastetxeetako zuzendariek eskola guztiak bisitatzeko eta haien proiektuak ezagutzeko eskatu diete gurasoei.

Honakoak izango dira ate irekietako egunak:

  • Bizarain: Urtarrilaren 24an eta 26an egin ahal izango dira bisitak, 17:00tan.
  • Koldo Mitxelena: Urtarrilaren 23an, 24ean eta 26an bisitatu ahal izango dira Markola eta Olibeteko eraikinak, 16:45ean; eta, ordu berean,  Biteriko eraikina.
  • Cristobal Gamon: 16:30ean izango dira bisita guztiak. Urtarrilaren 23an bilera izango da luze eta zabal azaltzeko haien proiektua; eta urtarrilaren 24an, 25ean eta 26a, bisitak.

Aurten matrikulatu behar duten haurren adineko 672 haur daude erroldatuak herrian. Aurreko urtean baino 60 gutxiago.

Garazi Lopez de Echezarreta zinegotziak eta Belen Ugalde, Amaia Etxebeste eta Andoni Osoro zuzendariek gaur goizean eman duten prentsaurrekoan adierazi dute euskaraz ikastearen aldeko apustua berresten duela eskola publikoak.

Edozein erabaki hartu aurretik, eraikinak bisitatu, proiektuak ezagutu eta baliabideak aztertu ditzatela eskatu diete gurasoei.  Errenteriak kalitatezko hezkuntza eskaintza duela eta emaitza bikainak izan dituztela azaldu dute zuzendariek.

Herriaren parte direla aldarrikatu dute eta antolatzen diren ekimenetan parte hartzen dutela.

Gainera, azpimarratu nahi izan dute Eskola Publikoak hartu duela gazteak euskalduntzeko erronka. Euskadunak ez diren haur asko hartzen dituztela gogoratu dute eta maila jator batekin amaitzen dutela ikasleek eskolaratzea.