Herriko argiteria berritzeko bigarren fasea martxan da

argiteriaErrenteriako Hirigune Historikoan eta Alaberga Goikoa, Kaputxinoak eta Agustinak auzoetako argiteria publikoan argiztapena hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko, argiztapen-sistema adimenduna hornitzea eta muntatzeko kontratuaren lizitazioa bideratu du Udalak. Guztira 717 argitan jardungo da.

Jardueraren helburua argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea da, eta horretarako gaur egun dauden argiak aldatu eta horien ordez LED teknologia duten argi berriak jarriko dira. Gainera, argiztapena kontrolatzeko sistema adimentsua ere jarriko da eta oinarri sendoak finkatuko dira pixkanaka udalerri adimentsua eraikitzeko, non argien bidez beste sistema batzuk jarri ahalko diren, esate baterako, kartel informatiboak, IP ahotsa, wifia, ingurumen-parametroak neurtzeko sentsoreak, etab.

Leycolan, S.A.L. enpresa arduratuko da horniduraz eta 334.356,81 €ko koste totala du.

Lanak, bi fasetan

Luminarien hornidura eta muntaketa bi fasetan gauzatuko da; lehen fasean, 2016ko abenduan, Alaberga Goikoa eta Kaputxinoak auzoetako luminariak aldatu ziren. Lanen bigarren fase bezala, dagoeneko Hirgune Historikoko luminariak ordezkatzen hasiak dira. Aurreikusten da Hirigune Historikoko luminariak datorren asterako aldatuko direla.

Otsailean, Agustinak auzoko luminariak ordezkatuko dira. Guztira 424 luminaria LED jarriko dira bigarren fase honetan. Bigarren fasearen aurrekontua 203.599,93 €koa da. Lehen fase honetan lortuko den energia aurrezkia, urtero 136.469 Kwh-koa izango da, hau da, 20.470 €/urteko aurrezkia.

Baldintza onetan egindako inbertsioa

Instalazioa 10 urtetan ordainduko dela kontuan hartuta, lortuko diren aurrezkiekin (32.000 €/urteko), eta lortuko diren diru-laguntzekin instalazioa finantzatu ahal izango da.

IDAEk (Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua) Errenteriako Udalari eman dio proiektuaren finantzazio osoa egiteko mailegu itzulgarria hirigune historikoko eta Esnabide, Alaberga Goikoa eta Agustinak auzoetako argiak berritzeko, kaleko argi-instalazioak berritzeko IDAEk deitutako laguntza-programaren baitan. Mailegua zero interesekoa da, eta 10 urterara amortizatu behar da.

Egungo argiak aldatuta eta automatikoki erregulatzeko sistema jarrita energia-kontsumoa gutxitu nahi da. Teknologia horrekin argiak automatikoki piztu edo erregula daitezke, presentziaren arabera, eta LED teknologiako argiek balio-bizitza luzeagoa dutenez, energetikoki eraginkorragoak dira eta, argi-fluxua momentuan bertan erregulatzeko aukera ematen dutenez, mantenu gastua ere txikiagoa da.

Jarduketa hauekin aurrerapauso handia egingo da Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) gauzatzeko bidean.