Meme lehiaketa izango da inauteriei begira

Mememozorro_irudia

Datozen inauteriak oinarri hartuta, meme lehiaketa antolatu du udalak, #mememozorro izenburupean.

Egitasmoak, orokorrean inauteriekin eta, zehatzago, Errenterian aukeratutako “musikalak” gaiarekin eta memeen izaera zein ezaugarriekin lotutako lanak jasotzea eta partekatzea du helburu.

Ekintza honen bitartez Errenteriako inauterietan herritarren partaidetza sustatu, euskararen erabilpena areagotu eta ondo pasatzeko tresna berri bat martxan jarriko da.

Zer da meme bat?

Meme bat ideia, kontzeptu edota egoera bat deskribatzeko sortzen den erreplika elementuari deritzo. Meme bat erreplikatzeko, hau da, ideia hori garatu eta moldatzeko gaitasuna da memea beraren ezaugarri garrantzitsuena, hain zuzen ere. Gaur egun, sare sozialei esker masiboki hedatzen ari dira. Publizitate biralarekin ere lotua izan ohi da askotan. Oso arrakastatsuak dira gaur egun eta denok ikusi eta zabaltzen ditugu.

#mememozorro lehiaketaren oinarriak

1.- Nori dago zuzenduta? Egitasmoa edonori dago zuzendua, izan errenteriarra edo ez. Izaera ireki eta parte-hartzailea du goitik behera. Egitasmoa denontzat da; batetik, meme sortzaileei bideratuta dago, baina, bestetik, baita memeekin dibertitzen denari, ikusi eta partekatzen dituenari, soilik kontsumitzen dituenari, etabar. Hortaz, parte hartzeko meme bat partekatzearekin nahikoa da. Berdin da memea zuk egina den edo ez! Partekatu eta gozatu!

2.- Zer egin parte hartzeko? Oso erraza da! Meme bat #mememozorro traolarekin twitter edo facebook bidez partekatu. Nahiago baduzu whatsapp bidez zabaldu eta bidali 647 32 03 54 zenbakira. Bestela, nahi baduzu meme@errenteria.eus helbidera ere bidal dezakezu. Horrekin nahikoa da!

3.- Zein epe dago? Egitasmoan, memeak jasoko dira 2017ko urtarrilaren16tik martxoaren 5era bitarte.

4.- Opariak eta sariak daude?

4.1.- Sari berezia jasoko dute honako osagai bi edo gehiago kontuan hartzen duten 5 meme onenek:

  • Inauteriak, zentzu zabalean
  • Errenteriako inauterietan aukeratutako “Musikalak” gaia
  • Oilarqueen, Asteme eta Katuko pertsonaiak
  • Euskaraz egina izatea edo euskararen aldeko jarrera positiboarekin.

Zein da Saria? Towy artistak eginiko karikatura-meme pertsonalizatu zoragarriak fotolienzo formatuan.

4.2.- Zozketa

Parte-hartzaile guztien artean #mememozorro egitasmoaren 100 kamiseta zozketatuko dira.

5.- Noiz erabakiko da nortzuk diren saridunak? Martxoaren13an meme sarituak argitaratuko dira.

*Gerta daiteke meme baten egilea nor den ez jakitea. Kasu hauetan edo antzekotan, oparia edo saria memea ezagutarazi duen pertsonak eramango luke.

6.- Irudi bat edo bideo bat izan behar du nahita nahiez? Ez du zertan horrela izan behar. Lanek ezaugarri hauek izan ditzakete: irudi hutsezkoa, irudia eta testua, irudi sekuentzia bat, bideoa edo irudia mugimenduan (soinuarekin edo gabe), audioa edo soinua bakarrik izatea edo bestelakorik (twitter kontu oso bat, adibidez) ere onartuko litzateke. Ia-ia edozein formatuko ekarpena edo lana izan daiteke beraz, ezta? Ausartu, ea zer egiteko gai zaren!

7.- Edozerk balio du? “Egitasmo honetan parte hartu eta ondo pasatzeko helburua dut, beraz errespetu osoz jokatuko dut. Nahiago dut nire buruari barre egin, inori iseka egitea baino. Gainera, beste pertsona guztiek eta aniztasunak oro har asko aberasten naute, beraz ez dut inor, edozein arrazoia dela ere, diskriminatzeko helburua edukiko. Hau horrela izanik, oso ondo ulertzen dut bizikidetzarako baldintza minimoak bete ezean, egitasmoaren antolakuntzak memeren bat baztertzea” Hitz hauek zure egiten badituzu, ez izan zalantzarik. Parte hartu!