Markeliñek “Euria” bere azken lana ekarriko du gaur arratsaldean Niessenera

Euria-Markeliñe-11_636159285202506775.jpg

Markeliñe antzerki konpainiak “Euria” emanaldia aurkeztuko du , gaur, hilak 27, Niessen Kulturgunean. Saioa 18:00etan izango da eta sarreraren prezioa 3 eurokoa.

Familia ororentzako antzezlan berri honek, zerbait maite eta galtzen dugunean gertatzen zaigunari eta sentitzen dugunari buruz, eta jakina, gainditzeko dugun gaitasunari buruz hitz egiten du.

“Euria” testurik gabeko, hitzik gabeko proposamena da, eta eszenak forma bisualetan oinarrituz kontatzen dira. Antzerkia eta dantza, lengoaia osagarriak eta elkarren ondoan jarritakoak izango dira, istorioaren esanetara. Dantzatutako antzerki garbi honek, protagonistak bi aterkiekin duen elkarbizitza berezia kontatzen digu. Ur tantak daude, bi aterkirekin bizi den pertsonaia, lanabes kaxa bat, eskegitzeko gantxoak, plantxa ero bat, abesti triste baten gaineko keinu ederrak, berokia, kanpora ematen duen leihoa, oroitzapenen iratzargailua eta baita marraztutako eguzkia ere.

Norbaitek, altxatzeko eta aurrera egiteko dugun gaitasunaren metafora ere ikus dezake eguzki horretan.

Gaiak tristura edo malenkonia eragiten baditu ere, ikuskizuna, umore ukituekin, ezuste bisualekin eta atmosfera poetikoan murgilduta dago.

Fitxa artistikoa:

  • Zuzendaritza: Markeliñe.
  • Antzezleak: Fernando Barado, Natalia García, Ioar Fernández.
  • Eszenografia: Jon Kepa Zumalde.
  • Jantziak: Marijo de la Hoz
  • Proiekzioak eta argiztapena: Paco Trujillo.