Zuketz eta Egiburu izan dira tabernen mozorro lehiaketan irabazle

Zuketz
Zuketz tabernak eskuratu du sari nagusia

Tabernen arteko mozorro lehiaketako sariak Zuketz eta Egibururentzat izan dira aurtengoan. Guztira 11 izan dira inauterietako lehiaketa honetan, musikalen gaia ardatz hartuta, parte hartu dutenak: Xera, Kelly’s, Landare, Zuzen, Txokolate 50, Sindikato, Egiburu, Gamon 14, Aker, Kerala eta Zuketz.

Zuketz izan da arte ederretan aditu talde batek osatutako epaimahaiak aukeratu duena. Ondorioz, 700 euro jasoko ditu 2018 urteko inauterietan taberna mozorrotzeko materiala erosteko laguntza moduan. Epaimahaikideen esanetan, “Zuketzek eraldatze egokia egin du”. Pinocho izan da tabernako arduradunek hautatu duten musikala, eta elementu desberdinen lanketa, tabernako barruko eta kanpoaldeko dekorazioa, kartelak eta langileen mozorroak kontuan izan dituzte epaimahaikideek, besteak beste. Batez ere jantokian, balearen barrualdea iradoki nahi izatea goraipatu dute eta “espazioaren tamaina eta forma irudimen handiarekin landu” dituztela adierazi dute.

Herri saria

Herritarrek ere izan dute taberna bat hautatzeko ardura. Horretarako inauteri egunetan Herri Bizian botoa emateko aukera egon da. Denera 1.939 boto jaso dira. Horietatik, boto gehien Egiburu tabernak jaso du: botoen %40,5a. Kasu honetan, 300 euroko saria jaso dute datorren urteko inauterietako mozorroa prestatzen laguntzeko.

Egiburu
Egibururentzat izan da herri saria