“TIRABIRAK/Tiras que aflojan” erakusketa Errenteriako Merkatuzarrera iritsi da

IMG_0045
Arana, Mendoza, Paya eta Jauregi atzoko inaugurazio ekitaldian

TIRABIRAK/Tiras que aflojan erakusketa ikusgai dago Errenteriako Merkatuzar Kulturgunean, apirilaren 9ra arte. Gure iragan gatazkatsua eguneroko prentsan argitaratutako biñeten bitartez nola islatu den ikertzen duen erakusketa da.

Proiektua, UPV/EHU eta Donostia 2016ren elkarlanaren emaitza, EMAN taldearen ikerketa batean oinarritzen da eta DSS2016EUko Bakearen Itsasargian kokatzen da, bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren eremuan, alegia. Errenteriako Udalari esker iritsi da Errenteriara.

Erakusketak iraganari buruzko begiraden aniztasuna du oinarri, eta hori da, hain zuzen ere, erronkarik behinena: ikuspegi anitz jasotzea kontakizun partekatuaren hazia ereiteko. Zentzu horretan, egunkari eta aldizkarietako binetek narratiba ugari ezagutzeko eta aintzat hartzeko lagungarri izan baitaitezke.
Erakusketa eta ikerlana

TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketak 1977 eta 2016 urteen artean argitaratutako binetak jasotzen ditu. Lau hamarkada horietan gure jendarteak pairatutako 150 gertakari aukeratu eta egunkarietan aztertu dira. Lehendabiziko hamarkadetan argitaratutako binetak sei egunkaritatik bildu dira: Deia, Egin, El Diario Vasco, El Correo, ABC eta El País. 1988tik aurrera aldiz, arestian aipatutakoei, Diario de Navarra gehitu zaie, 1989an El Mundo eta 1990ean Euskaldunon Egunkaria. Gero, baita Gara eta Berria ere.

IMG_0075

Hortaz, azken hogeita sei urteak aztertzerakoan gertakari bakoitzeko, gutxienez, zortzi egunkari behatu dira. Inoiz, La Razón, Diario de Noticias de Navarra, Diario 16, Ya, La Vanguardia, eta Ipar Euskal Herriko Enbata, Sud Ouest edo Le Journal du Pays Basque-eko tirek ere erakusketa aberastu dute.
Batutakoak ez dira urte luze hauetan argitaratu diren guztiak, noski, baina erakusketara marrazkilarien unibertso zabala ekarri da: Zaldieroa, Máximo, Zulet, Peridis, Tasio, Forges, Máximo, Oroz, Olariaga, Ripa, Mattin, Ricardo & Nacho, Martín Morales, Aós, Martintxo, Ramón, Iñaki & Pintu, Dusón, Idígoras & Pachi, Mingote, Angel & Guillermo, Jon Zabaleta, Michel Iturria, Juan Carlos Eguilleor, Romeu, Puebla, Rafa Ramos, Adur, Antón, Axpi, Endika, Eneko, Ferreres, Gallego & Rey, Jon Pedro, Koldo, López & Pérez, Mad, Mokordo, Ori, Peli, El Perich, Ricardo, Romeu, Tulino eta Xim.

Erakusketa mamitzeko, 15.000 egunkari inguru aztertu dira eta lagina osatzeko, 30.000 bineta baino gehiago ikuskatu. Bineta horietatik, aipatutako gertakariekin zerikusirik duten 3.500 tira identifikatu dira. Azkenik, 448 ekarri diraerakusketa fisikora eta beste horrenbeste erakusketaren webgunean (www.tirabirak.eus) dagoen errepositorioan daude ikusgai.

 

Proiektua jorratzeko prozesuak iraun duen bitartean, gertakari eta gatazka horien ziklo luzea berrikusterakoan, taldekideen arteko hausnarketak eta eztabaidak etengabeak izan dira. Erakusketaren eragileok bizitako esperientzia hori, TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketara hurbiltzen den orori ere eskaini nahi zaio. Horretarako, honako helburu orokorrak markatu dira:

  • Euskal iragan gatazkatsuaren (ber)ezagutza partekatua bultzatu.
  • Ezagutza partekatu horretan oinarrituta, gertatutakoari buruzko hausnarketa kritiko orokorra eta gogoeta bideratu, inoiz errepika ez dadin.
  • Gatazken oinarrien inguruko hausnarketa eragin, konponbiderako saiakerak erakutsiz, gaurko eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko lagungarri izan daitezen.

Komunikabide eta, zehazki, egunkarien eta umore grafikoaren eginkizun eta ardura publikoari buruz eztabaida publikoa suspertu.

IMG_0058

Erakusketaren osagarri bereziak

Ikusgai dauden binetetaz gain, erakusketak ardatz duen denboran kokatzen laguntzeko zenbait baliabidek osatzen dute esposizioa:

1. Artxibo interaktibo

Erakusketarako aukeratutako binetak era digitalean ikuskatzeko aukera izango da erakusketan bertan. Datu-base honetan, gainera, erabiltzaileak hainbat kontsulta aukera izango ditu eskura (datak, egunkariak, sortzaileak…).

2. Elkarrizketak

Telebista pantaila batean bineten sortzaileei egindako elkarrizketak izango dira ikusgai, baita komikigintza politikoa zein umore grafikoa aztertu duten adituak, edota komunikabideetako arduradunen hitzak ere.

3. Ikus-entzunezko ondarea

EITBren artxibo irudiekin osatutako kontakizuna ere izango da ikusgai; binetek erakusten dituzten gertaeren narrazioa garaiko irudiekin osatzeko.

4. Webdoka

Dokumental interaktibo batean bildu dira erakusketako bineta guztien datu-basea, elkarrizketak eta ibilbide kronologikoa. Horrela, erabiltzaileari hainbat aukera eskaintzen zaizkio eta bisitari bakoitzak aukeratuko du zer ibilbide egin nahi duen TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketaren unibertsoan.

IMG_0083

Erakusketaren ordutegia

Erakusketa hilabetez izango da ikusgai Merkatuzarren; apirilaren 9ra arte. Ordutegi berezia izango da, gainera, herritarrek erakusketa ikusteko aukera izan dezaten: ostegun eta ostiraletan, 17:30etik 20:30era; larunbatetan, 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:30era; eta igandetan, 11:30etik 14:30era.

Sarrera doakoa da.