Enpleguaren kalitateari buruzko inkestaren ondorioak aurkeztuko ditu OlatuKoopek gaur

DEF_trazatuaInkestaren ondorioak aurkeztu eta eredu berri baterako gakoak landuko ditu OlatuKoopek martxoaren 17an Orereta-Errenterian

Lan munduko baldintzen eta alternatiben inguruko jarrerak ezagutzeko inkesta jarri zuen martxan OlatuKoopek urtarrilean, Aztiker Ikergunearen laguntzarekin. Ostiral honetan, martxoaren 17an, emaitzak aurkeztu eta eredu berri baterako gakoak landuko ditu Orereta-Errenterian.

Inkesta, otsailaren 13ra arte, 16 urtetik gorako langile euskaldunek erantzuteko aukera izan zuten, Internet bidez.

Guztira, 39 galdera ziren, 4 ataletan banatuta:

  • Enplegua eta bizitza duina.
  • Parte-hartzea eta informazioa.
  • Enpresa eredua: Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea, eta Olatukoop.
  • Aldagai Soziodemografikoak.

2.203 pertsona sartu ziren inkestara, eta 546k bete zituzten galdera guztiak.
Ostiralean, lan munduko baldintzen eta alternatibarako joeren analisia egingo du Aztiker-ek eta inkestaren emaitza nagusiak aurkeztuko ditu, OlatuKoopek antolatutako jardunaldian.

Balantze sozial eraldatzailea

OlatuKoop, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko Sarea den heinean, eredu berri baterako bidean lanean ari da. Hainbat jarduera antolatzen ditu urtean zehar, eta oraingoan, jardunaldia antolatu du Orereta-Errenterian.

Martxoaren 17an izango da, ostiralean, Xenpelar etxean, Balantze Sozial Eraldatzailea. Eredu berri baterako gakoak izenburupean.

16:00etan, Aztiker-eko kideek egindako lanaren ondorioak aurkeztuko dizkigute.

Gero, eredu berri baterako gakoak lantzen hasteko momentua izango da. Farapiko kideek, erantzukizun sozialaren autodiagnostikorako tresnaren sorrera-prozesua azalduko digute.

Eta Mirene Begiristain ekonomian doktoreak gure esperientziak/proiektuak baloratzeko adierazle-sistema baten sortze-prozesuan lagunduko digu, beti ere, ESE Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegitik.