Emakumeen Euskal Bira maiatzaren 21an Errenterian bukatuko da ekitaldi ugariren artean

Emakumeen Euskal Biraren etorrera ospatzeko hamaika ekitaldi aurkeztu dituzte herriko eragile ugarik.
Emakumeen Euskal Biraren etorrera ospatzeko hamaika ekitaldi aurkeztu dituzte herriko eragile ugarik.

Emakumeen Euskal Biraren XXX. edizioa maiatzaren 17tik 21era egingo da. Txirrindulariak Iurretatik (Bizkaia) abiatu eta bost egunetan lehiatuko dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako errepideetan barrena. Azkeneko etapa, berriz, Errenterian bukatuko da. Ekitaldi horren harrira, udalak, herriko eragile askoren laguntzaz, hamaika ekitaldi antolatu ditu, emakumezkoen kirola eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Bira hau Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen egutegian dago sartuta, emakumezkoentzako 2.1 kategoriaren barruan, eta parte-hartze maila ezin hobea da. Azkeneko etapa, maiatzaren 21ean (igandea), zirkuitu batean egingo da Oarsoaldean barrena eta irteera eta helmuga Errenterian izango ditu. Zirkuituak 95 km. ditu guztira eta irteera eta helmuga Nafarroa Etorbidean egongo dira, Papresa enpresaren parean. Irteera goizeko 11,00etan izango da eta helmuga aurreikusita dago 13,45erako gutxi gorabehera. Aurreikusita dago lasterketa, amaieraz gain, Errenteriatik bitan pasatzea, 11,30ean eta 12,15ean.

Udalak berebiziko ahalegina egingo du ekimen honen inguruan, izan ere, kirolaren eta, bereziki emakumeen kirolaren balioak direla eta. Jon Txasko zinegotziak azaldu ditu arrazoi honen ararzoiak, “ gizarte parte-hartzaile baten aldeko apustua egiten dugu, kirola gizarte aldaketarako elementua baita”. Horri kirolaren beste balio bat gehitu dio, “emakumezkoen kirolaren aldeko apustua, genero berdintasunean aurrera egiteko modu bat baita”

Lasterketaz gain, Errenteriako Udalak ekintza batzuk antolatu ditu apiril eta maiatzean, Errenteriako kirol entitate eta gizarte eragile batzuekin. Hauek dira elkarte horien ordezkariekin batera emandako prentsaurrekoan aletutako ekintzak:

  • Apirilaren 15etik aurrera, txirrindularitza gaiei buruzko erakusketa Galtzarabordako Kiroldegiaren hallean. Txirrindularitzari buruzko erakusketan “Emakumeen Bira”ren aurreko edizioei buruzko argazkiez gain Errenteriako txirrindularitzarekin zerikusia duten txirrindularitza elkarte eta ekintzei buruzko argazkiak jarriko dira ikusgai.

  • Errenteriako Udalak sari berezia emango dio “Emakumeen Bira 2017”ko parte-hartzaileren bati. Errenteriako Arte Plastikoen Tailerrari eskatu zaio diseinuan eta garaikur berezi bat sortzen lagun dezan.

  • Apirilaren 15etik aurrera, Gamon zumardiaren parean faroletan bizikletak jarriko dira zintzilik ikusgai, txirrindularitza-giroa jartzeko.

  • Herriko merkatarien ateko lehiaketa, erakusleihoetan txirrindularitzari buruzko gauzak jartzeko.

  • Errenteriako alde zaharreko merkatariek, “Kaletartean” elkartean elkartuak, zozketa egingo dute erosketak egitera beren establezimenduetara bizikletaz doazen pertsona guztien artean. Bizikleta kasko bat zozketatuko da parte-hartzaileen artean.“Errenteriako LHZ”, Laguntasuna Auzo Elkartea – Txirrindularitza” eta “Kromosoma Taillerra”rekin batera egurrezko 6 bizikleta egingo dira (zoruan lotuta) eta Biraren berri ematen duten hiru errotulo eta baita etaparen data ere. Alaberga, Gabierrota eta Beraungo biribilguneetan jarriko dira.

  • Maiatzaren 6an, larunbatean, “Oarsotri Happy Talde Triatloi Kluba”rekin elkarlanean, haurrentzako triatloi jardunaldi bat egingo da Fanderian, Oarsoaldeako eskola kirolaren egutegiaren barruan.

  • Maiatzaren 13an, larunbatean, 16,00etatik 19,00etara, “Kromosoma Taillera”k antolatuta, “Txirrindularitza materiala birziklatzeko tailerra” egingo da, Koldo Mitxelena ikastetxearen patioaren estalkiaren azpian.

  • Maiatzaren 13an, larunbatean, 19,00etatik 22,00etara, “GURPILARTEA Bizikleta eta Garraiobide ez Kutsakorren Aldeko Elkarteak” “Gold Sprint” izeneko proba antolatuko du Merkatuzarren.

  • Maiatzaren 16an, asteartean, “OZinema”ren laguntzarekin, txirrindularitzarekin zerikusia duen zinema saioa antolatuko da.

  • Emakumeen Birari buruzko argazki-lehiaketa, “AFC Argazkilaritza Taldea Errenteria”rekin elkarlanean.

Maiatzaren 15etik 21erako astea:

  • Aste osoan zehar sustatu egingo da joan-etorriak bizikletaz egitean (Udalera eta inguruetako tailerretara lanera doazen pertsonak, haurrak ikastetxera eta larunbatean eskola kirolera joateko,…). Kanpaina hau gizarte-sare, prentsa, ikastetxeen bidez egingo da.

  • Aste horretako egun batean, oraindik ez bada zehaztu ere, hitzaldi bat emango da emakumezkoen txirrindularitzaren inguruan (elikadura eta abar).

  • Maiatzaren 19an, ostiralean, dokumentala proiektatuko da Emakumeen Birari buruz, Iztietako Khubide bizikleta dendan, 20,00etan, “Khubide”k antolatuta.

  • Maiatzaren 20an, larunbatean, 16,30etik 17,30era, Nafarroa Etorbidean alebin eta infantil kategorietako haurrei zuzendutako “Errenteriako IV. Saria” egingo da, “Laguntasuna Auzo Elkartea – Txirrindularitza”k antolatuta.

  • Maiatzaren 20an, larunbatean, 17,30etik 19,00etara, eta “OTXEk – Oarsoaldea Txirrindularitza Kirol Taldeak” antolatuta, Trial Erakusketa izango da Gamon zumardiaren kioskoaren aurrean. Haurrek probatzeko aukera izango dute (Ginkana,…).

  • Maiatzaren 20an, larunbatean, 17,30etik 20,00etara, “Errenteriako Gurutze Gorria”k Gamon zumardiaren aurrean triziklo berezi batzuk jarriko ditu ikusgai eta ikusleek probatzeko aukera izango dute. Horretaz gain, igandean, hilak 21, bigarren eskuko azokaren ondoan jarriko dira.

  • Maiatzak 20, larunbata, “Ibilaldi Neurtua” Errenteriako auzoetan (10:00etatik 12:00etara). Geldialdiak egingo dira, Emakumeen Bira azaltzeko, “GURPILARTEA Bizikleta eta Garraiobide ez Kutsakorren Aldeko Elkartea”k antolatua.

  • Etaparen egun berean, maiatzaren 21ean, behin lasterketa hasita eta lasterketa Errenteriatik lehenengo aldiz pasatzen denetik helmugan sartzeko itzultzen diren denbora tartean “OTXE”k lasterketa txiki batzuk antolatuko ditu txikienentzat (2-6 urte bitartekoak) moto txikiekin, pedalik gabeko bizikletekin eta abar.