Urdaburu Mendizale Elkarteak ibilaldiak, proiekzioak eta hitzaldiak antolatu ditu 75. urteurrena ospatzeko

Urdaburu Mendizale Elkarteak, klubaren sorreraren 75. urteurrena dela-eta, eta Errenteriako Udalaren laguntzarekin, ibilaldiak, proiekzioak eta hitzaldiak antolatu ditu.

urdabururen urteurrena

Hain zuzen, maiatzaren 28an (igandea) hiru ibilaldi neurtu antolatu ditu Errenteriaren inguruan, luzera ezberdinetakoak, nork bere neurrikoa aukeratu ahal izan dezan:10 km (Txoritokieta), 20 km (Jaizkibel) eta 44 km (Oiartzun ibaiaren arroari bira).

Hiru ibilaldiak Agirre Lehendakariaren plazan (Zumardiaren ondoan) kokatuko den karpa batetik irtengo dira, 44 km-koa 7:00etan, 20 km-koa 8:00etan eta 10 km-koa 9:00etan.

Ibilbide luzeak 44,5 km ditu eta 2.350 m-ko gainbehera pilatua. Oiartzun ibaiak eta bere errekek osatzen duten arroari bira emango zaio. Ibilaldi neurtu hau Euskal Mendi Federazioko ibilaldi luzeen egutegien zerrendan dago.

Izen emateak www.zirkuitua.com webgunean egin daitezke maiatzaren 25era arte. Edo bestela egunean bertan abialekuan, irteera bakoitza baino 45 minutu lehenago.

Prezioak ondoko hauek dira: martxa luzea, 44 km-koa, 5 euro, eta 20 km-koa 3 euro. 10 km-koa dohain izango da.

HITZALDI ETA PROIEKZIOAK

Era berean, egun izen handia duten bi alpinista etorriko dira ekainaren 1ean eta 2an Errenteriako Niessen Aretora hitzaldi-erakusketa bana egin dezaten.

Ekainaren 1ean, osteguna, Alex Txikon egongo da gurekin. Aurten saiatu da Neguko Everesteko lehenengo igoera oxigenorik gabe lortzen. Txikonek aurkeztuko digu bere neguko igoera Nanga Parbaten 2016an.

Ekainaren 2an, ostirala, Alberto Zerain izango da gonbidatua. Orain dela oso gutxi iritsi da Nepaletik Annapurna igoera egin eta gero. Zerainek erakutsiko digu bere igoera Daulaghirin 2016an.

Saioak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira eta sarreren prezioa 3 eurokoa izango da. Sarrerak salgai egongo dira Niessen Kultura bulegoan ohiko ordutegian eta Urdaburu Mendizale elkartean (Juan Olazabal, 23) astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:30tara. Auditorioko leihatilan bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak ekitaldiaren aurretik.