Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak izateko prozesua abiatu dute Oarsoaldeko udalek

Berdintasuna | Madalenak | Oarsoaldea 2017-05-31 | 0

oarsoaldea jai zaleak

Duela gutxi arte, jaiak emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko aldarrikapenerako lehentasunezko eremu izan ez badira ere, jakina denez, jaiak ospatzeko dugun modua gure jendartea antolatuta dagoen moduaren eta ditugun balioen isla da. Komunitate gisa ditugun balio, nortasun, ideologia eta egiturak birsortzen dituzte jaiek, eta ditugun gatazkak, botere-harremanak, rol-banaketak, indarkeria-egoerak… adierazten dituzte.

Oarsoaldeko udalerrietan ere jaien testuinguruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta jarrera matxistak gaitzesteko ekimenak eta kanpainak egin dira, horietako batzuk modu bateratuan gainera, Berdintasunerako Mahai Teknikotik.

Dagoeneko egiten hasita dagoen bideari jarraipena emanez, Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak lortzeko egitasmo berria jarri dugu martxan. Egitasmoaren helburu nagusia Oarsoaldeko jaiak genero-ikuspegitik aztertzea da, eta indargune eta ahuleziak zein diren kontuan hartuta, jaiak parekideagoak eta barneratzaileagoak izan daitezen plangintza bat lantzea. Lan horiek egiteko prozesua abiatu dugu beraz, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin.

Lau udalerrietako hainbat jai izango dira aztergaiak, eta horiek izaera ezberdinetakoak izango dira, hau da, kulturarekin, gastronomiarekin, usadio paganoekin… lotutako jarduerak aztertuko ditugu. Azterketa horretan, Oarsoaldeko jaietan zeresana duten mota desberdinetako eragileak inplikatu nahi ditugu, errealitatea ongien beraiek ezagutzen dutelako. Azterketa egiteko beharrezkoa dugun informazioa iturri hauetatik eskuratuko dugu:

  • Elkarrizketa sakonak eragile-mota desberdinetako ordezkariei: ordezkari politikoak, udal-teknikariak, kultur-elkarteak, elkarte gastronomikoak, kolektibo feministak, etab.
  • Azterketa dokumentala, jaiena zein horien komunikazioarena.
  • Behaketa zuzena, festa zein dinamika jakinena.

Horrez gain, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko talde-gogoetak egingo ditugu udalerri bakoitzean, bertako eragile-mota desberdinekin. 1. talde-gogoeten datak hauek dira:

  • Errenteria: Uztailaren 5ean, 18:00etan Merkatuzarren.
  • Lezo: Urriaren hasieran.
  • Pasaia: Irailaren bukaeran eta urriaren hasieran.
  • Oiartzun: Irailaren bukaeran.

Gaiarekin interesa duen herritar, eragile eta elkarte oro ongi etorria izango da prozesu honetara. Datozen aste eta hilabeteetan zehar prozesuaren eta bilera-deialdien inguruko xehetasun gehiago ematen joango gara; baina edozein zalantza argitzeko, udaletako berdintasun sailekin jar zaitezkete harremanetan:

  • Errenteriako Udaleko Berdintasun Saila: 943449576
  • Pasaiako Udaleko Berdintasun Saila: 943 004320
  • Lezoko Udaleko Berdintasun Saila: 943 52 10 94
  • Oiartzungo Udaleko Gizarte Zerbitzuak: 943 49 05 52
ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna