Hamaika ekimen Errenteriako 1. Energia Astean

PrentsaurrekoWeb2017ko Europako Energia Iraunkorraren astearekin bat eginez, ekainaren 15etik 22ra Errenteriako I. Energia Astea antolatu du Udalak. Aste honen helburua gizartea sentsibilizatzea izango da, modu horretan, herritarrek beren kabuz, egunerokotasunean, energia erabilera egokiaren alde jardun ahal izateko eta ingurumen kontzientzia handiagotzeko. 2020 urterako errenteriarrok 2007an baino %20´16 CO2 isuri gutxiago isurtzeko helburua jarria dugu, Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren baitan. Beraz, erronka horren aurrean, pausoak emateko ezinbesteko jarduerak antolatu ditu Udalak.

Energia astearen baitan, mota ezberdinetako ekimenak antolatu ditu Errenteriako Udalak; hitzaldiak, filma eta Energia Azoka.

  • Hitzaldiak: gizartean pil-pilean ditugun bi gaietan sakontzeko aukera izango da astean zehar: batetik, Garoñako zentral nuklearraren bideragarritasuna eta bere etorkizuna; bestetik, hondakinen errausketaren ondorioz benetan zenbat energia balorizatzea lortzen den zehaztu eta Gipuzkoako eta Bizkaiko errauste planten ezaugarri nagusiak.
  • Energia-aurrezpena: argi-indarraren faktura txikiagotzeko, Goienerrek potentzia eta tarifarik egokiena zein den aukeratzen irakatsiko die bertaratzen direnei, horretarako arreta pertsonalizatu-zerbitzua ere eskainiko da doan.
  • Etxebizitzetako aurrezpena eta diru-laguntzak: etxeetan kosterik gabeko edo koste txikiko neurrien bidez energia aurreztu daitekela irakatsiko da. Etxeetako fatxada edo teilatuetan obrak egin behar direnean, birgaikuntza energetikoaren onurak eta lor daitezkeen diru-laguntzen informazio zuzena jasoko dute herritarrek Oarsoaldeko arkitektoa den Xabier Sanchez-en eskutik. Herrian egin diren birgaikuntza praktika egokien azalpena egingo dute Iñaki Retegui, Eujenio Olaizola eta Izaskun Recarte arkitektoek.
  • Zinema: “Mañana” (Demain) mundua aldatzera bultzatuko gaituen filma doan ikusteko aukera izango dela Niessen Zinemetan.
  • Energia-azoka: ekainaren 17an, enegia-azoka izango da Zumardian. Bertan energia berriztagarri eta energia eraginkortasunaren ingurukoen berri izango daUsurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik. Herriko asmatzaile den Oscar Jimenezen proiektuak ezagutzeko aukera ere egokituko zaigu. Hibaika arraun elkarteko haur eta kadete mailako neska-mutilek, ergometroekin, energia ekoizpenerako WATT erronka aparta egingo dute.
  • Etorkizuneko ibilgailuak: Energia azoka horretan etorkizuneko ibilgailuen erakusketak bere txokoa izango du; 6 kotxe markek 15 ibilgailu elektriko eta hibrido ekarriko dituzte, eta zuzenean, kotxe saltzaileekin izan ditzakegun zalantzak argitzeko aukera izango da, bai eta hainbat ibilgailu gidatu eta probatzeko aukera ere.

Udalak aste horretako ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatzen die herritar guztiei.

Informazio gehiago http://ingurumena.errenteria.eus atarian.

Egitaraua2017Irudia