Osasuna eta bizimodu aktiboa sustatzeko jarduera-agenda kalean da

JardueraFisikoaErrenteriako Udaleko Kirol eta Ingurumeneko Sailek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, herriko hainbat gizarte eragileren partaidetzarekin, jarduera fisikoa eta aisialdi aktiboren bitartez osasuna hobetzeko jarduera-agenda gauzatu eta argitaratu dute. Pertsona guztientzako jarduerak biltzen ditu agenda horrek: gazteak, pertsona helduak, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak, eta abar.

Kiroletako Jon Txasko eta Ingurumeneko Jose Cruz Legorburu zinegotziek adierazi dutenez, jarduera batzuk Udalak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren laguntzarekin. Beste batzuk, berriz, udalerriko hainbat erakunde eta elkartek antolatuak dira; besteak beste, Gurutze Gorria, Mindara, Club Atletico Renteria edo Beti-Bizkor jubilatu eta pentsiodunen elkartea.

Eskaintza aukera zabala dago gainera: emakumezkoentzako entrenamendu-taldeak, ibilaldiak eta paseo osasungarriak, trizikloan ibiltzen ikasteko jarduerak, desgaitasuna duten eta ez duten gazteentzako aisialdi-jarduerak, osasun-arazoak dituzten pertsonentzako jarduera fisikoko saioak profesionalen zuzendaritzapean, edota egokitutako pilota entrenamenduak.

Jarduerak antolatzen dituzten erakunde eta elkarteak Errenterian osasuna eta jarduera fisikoa sustatzeko Tokiko Sarearen parte dira. 2016ko urtarrilean sortutako sare honen helburua Errenteriako biztanleen osasuna hobetzea da eta, hasiera batean bere jarduna Oiartzun ibaiaren ingurunera mugatu bazen ere, orain udalerri guztira zabaltzen da.

Jarduera-agenda digitala Errenteriako Udaleko Kirol Sailaren (http://kirolak.errenteria.eus) eta Ingurumeneko Sailaren (http://ingurumena.errenteria.eus) web orrietan ikusi eta deskargatu daiteke.