Kolektore berria obra garrantzitsua da Errenteriaren etorkizunerako

Hiri antolamendua | Ingurumena 2017-06-13 | 0

Errenteriako Udalarentzat beti afera garrantzitsua izan da Oiartzun ibaiaren ezkerraldeko kolektorearen zatia berritzeko obra. Hartara, Udalak Añarbeko Urak Mankomunitateko zuzendaritza organoetan dituen ordezkariek ─José Cruz Legorburu eta Bernar Lemos─ legegintzaldi hasieran adierazi zioten Mankomunitateari gai horren inguruko kezka.

Udalaren iritziz, obra horrek eragina izango du herrian: alde batetik, saneamendu-sareko hainbat gabezia konponduko ditu eta, bestetik, Oiartzun ibaiaren uren kalitatea hobetuko du, horrela jarraipena emanda ibaiaren ibilguan nahiz inguruetan burutzen ari diren eta iraganeko egoera asko hobetu duten esku-hartzeei.

Proiektu garrantzitsu hau prestatzerakoan Udaleko ordezkariek arreta berezia jarri dute auzoei ahalik eta afekzio txikiena eragitean. Adibidez, proiektuaren trazatua berrikusi dute, Iztietan etxebizitzak gertu daudelako.

Horrela, bada, Errenteriako Udala guztiz ados dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Añarbeko Urak Mankomunitatearen arteko akordioarekin, eta dagokion garrantzia ematen dio. Urrats honen ondoren, beste hainbat egin behar dira. Hartara, adierazi nahi dugu, batetik, Mankomunitateak hartua duela RENFEren trenbidearen aldameneko bokaleko eraikina birgaitzeko erabakia, eta horrek nabarmen hobetuko duela ingurunea, eta, bestetik, Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzean kolektorea hobetzeko proiektua prestatzeko prozesua ere abian jarri duela.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna