Errenteria herriko harrera eta baliabide gidaren 3. edizioa argitaratu dute 6 hizkuntzatan

Harrera eta baliabideen gida 2Errenteriara iritsi berri direnei harrera egiteko protokoloaren baitan, herriko baliabideak zerrendatzen dituen esku-gidaren hirugarren edizioa eskuragarri dago jada herriko gune desberdinetan dauden euskarri berezietan nahiz udal webgunean.

Izandako arrakastaren ostean, berriro argitaratu da paperean eta aurreko eredutik herriko zerbitzu edota baliabide berriak txertatu dira.

Gida honetan Errenteriak eskaintzen dituen baliabideak zerrendatzen dira, herrira iritsi berri denarentzat nahiz zerbitzu desberdinen inguruan informazioa behar duen beste edonorentzat garrantzitsuak izango diren atal desberdinetan banatuta. Gainera, herrian dauden jatorri nagusienen 6 hizkuntzetan argitaratu da berriro ere gida; hau da, euskara eta gazteleraz gain, ingelesaz, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz. Atalei dagokienez, hauexetan dago banaturik informazioa: erroldatzea eta informazio orokorra, osasuna, egoera legalaren ingurukoak, eskolaratzearen ingurukoak, hizkuntzen ikasketa, formazioa eta lana, gizarte arreta, etxebizitza, emakumeei interesa dakiekeen informazioa, kultura, aisia eta kirola. Gidaren azken bi ataletan daude oinarrizko hitzez osaturiko hiztegiak (euskara eta gaztelera ikasteko) eta herriko mapa bat, oinarrizko baliabide horiek non dauden jakiteko.

Gidan zehar, oinarrizko azalpenak eskaintzen dira eta harremana hartzeko ezinbestekoak diren zerbitzuen datuak zerrendatzen dira.

Udal baliabideek eta erakundeek eskaintzen duten zerbitzuaz gain, berriro herriko elkarteek eskaintzen dutena ere nabarmendu nahi izan du Errenteriako Udalak.

Gida hemen deskargatu daiteke.