Ilusio handiz aurkeztu dituzte Madalenak Jai Batzordeko kideek

Jai Batzordea_2

Jai Batzordeko kideak gaur, hilak 30, bildu dira Madalenak 2017ko azken xehetasunak lotzeko. Bilera aurretik, ondorengo hitzak helarazi nahi izan dizkiete herritarrei:

Gertu ditugu 2017ko Madalenak! Azkenengo urteetan bezalaxe aurten jai giroan gozatzeko aukera izango dugu uztailaren 21aren aurreko egunetan hasi eta uztailaren 25a arte.

Programan jasota daude hilabete hauetan ilusio handiz auzolanean landutako ekintzak eta pozik gaude horregatik. Izan ere, gure nahia baita jaiak herritik eta herriarentzat izatea.

165 ekintza izango dira, era guztietakoak: erakusketak, dantza, antzerkia, danborradak, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak, kirol jarduerak… Askotariko ekintzak, beraz, eguneko zein gaueko programa osatzeko. Eta 20 kontzertu baino gehiago, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta.

Gainera, iaz bezala, txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango dituzte herritarrek: 17:30ean, Mila koloreko txupinazo txikia izango da Koldo Mitxelena plazan. Holi festa Gernika plazan hasiko da 18:30ean. Eta txupinaren jaurtiketa zuzenean bizitzeko, Herriko plaza edo Zumardiko pantaila erraldoia izango dira. Zuzenean ere, emango dira irudiak Herri bizian webgunean.

Bestetik, herritar guztiak uztailaren 21ean antolatu dugun herri bazkarira gonbidatu nahi ditugu. Helduentzako menua, haurrentzako menua eta beganoa izango dira aukeran eta Herriko plazan izango da, 14:00etan

Zapi-tiketak salgai daude dagoeneko eta uztailaren 7a arte izango da erosteko aukera, ondorengo lekuetan:

  • Helduen menua: Reyna taberna (Zumardia), Xera Gastroteka (Xabier Olaskoaga plaza), Aralar taberna (Madalena kalea).
  • Haurren menua: Xenpelar Kulturdenda (Zumardia).
  • Menu beganoa: Sindikato taberna (Madalena kalea).

Amaitzeko jai berdinzaleagoak eraikitzen hasteko aukerarekin bat eginik, hurrengo asteazkenean, hilak 5, 18:00etan, Merkatuzarren egingo den lehenengo hausnarketa saiora gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

Guk, Madalen jaiak prestatzen gozatu dugun adina gozatuko dugu festak bizitzen, eta herritarrek ere hala goza ditzaten espero dugu: jaiak marraztuz, jaietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz.