Errenteriako Udalak erabilera publikorako bizikleta puzgailu bat ipini du Fanderiako bidegorrian

Fanderiako puzgailuaErrenteriako Udalak erabilera publikorako bizikleta eskuz puzteko gailu bat ipini du Matxaingo biribilgunean, Fanderiako bidegorria hasten den gunean, bizikletaz ibiltzen den edonork gurpilak dagokien presioan eraman ditzan.

Bizikletaren gurpilak era erosoan puzteko, ekipamenduak irekiera bat du puztu nahi den gurpila bertan txertatzeko, horrela lana egin bitartean geldirik eta zutik manten dadin. Gainera, pita bikoitza du, balbula mehe nahiz lodiekin erabiltzeko eran, eta presio adierazle bat ere badu.

Azkenik, ekipamenduan QR kodea du, eta horren bidez bizikleta erabili, zaindu eta mantentzeko gidaliburuak, aholkuak eta jarraibideak ematen dituen weborri batera irits daiteke.

Instalakuntza honek ematen duen zerbitzua bizikleta doitzetik haratago doa, izan ere bizikleta bidezko mugikortasunean berrikuntza bat suposatzen du eta bizikleta erabiltzearen aldeko kontzientziazio lan handia egiten du.