Stuttgarteko eskualdera bisita egiten ari da alkatea enpresentzat eta ekintzaileentzat aukera berriak irekitzeko

Stuttgart_2Julen Mendoza alkatea Alemanian da garapen ekonomikorako eta estrategikoak diren sektore industrialekin lankidetza aukerak aztertzeko. Oarsoaldeko Garapen Agentziaren eta Foru Aldundiaren ordezkariekin egin du bidaia.

Errenteriak Schorndorf herriarekin duen senidetzea aprobetxatuta prestatu dute Julen Mendoza Errenteriako alkateak Alemaniara, Stuttgart hiriaren eskualdera, egiten ari den bidaia hau. Harreman mota honek dituen ohiko partekatze kulturaletik harago, elkarlana garapen ekonomikoaren alorrera bideratzea bilatzen du udalak eta, era berean, Oarsoaldea bailarako eta Errenteriako enpresa eta ekintzaileentzat aukerak aztertzea.

Hartara, garapen ekonomikoa bultzatu eta berritzaileak diren sektoreekin elkarlan aukerak aztertzeko Errenteriako Alkatea, Julen Mendoza; Oarsoaldeko Garapen Agentziako gerentea, Fernando Nebreda; eta Kanpo Harremanetarako Gipuzkoako Diputazioko zuzendaria Iker Goiria Alemanian daude berrikuntzan eta ekintzailetzan erreferentea den eskualde batean, Stuttgarten alegia.

Zentzu honetan, eta aukera ezberdinak aztertzeko asmoz, asteazkenean hasita eragile, enpresari eta instituzio ezberdinetako ordezkariekin bilerak egin dituzte alkateak eta beste kideek, besteak beste, Stuttgarteko Garapen Ekonomikorako Agentziara, Schorndorfeko enpresa berritzailetara, zein egunotan gauzatzen ari den Ekintzailetza feriara.

Errenteriari elkarlanerako aukerak ematen dizkion Alemaniako Lander garatuenetako bat

Schornorf eta Stuttgart hiriak Baden-Wüttemberg landerrean daude, Alemaniako estatu federatuetan garatuenetako bat alegia. Lurralde hau berrikuntza sektoreetan nabarmendu da.

Alemaniako hego mendebaldean dagoen lander hau mundu mailan ezagunak diren enpresen egoitza da (Daimeler, Porsche, Chrysler, Bosch, IBM…). Berrikuntzarako grina eta produktibitate maila altua duten milaka enpresa ertain eta txiki bertan daude finkatuak. Langabezi maila, berriz, txikia da.

Pausu berri eta garrantzitsua ezagutza eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomia baterantz

Errenteria 2025 Plan Estrategikoak hainbat erronka zehazten zituen, tartean eraldatutako eta dibertsifikatutako ekonomia duen herria sortzea, enplegua sortzeko gaitasuna duena eta gizarte arloko enpresa-ereduak bultzatzen dituena.

Oinarri horretatik abiatuta egin zen ezagutza eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomia baten aldeko trantsiziorako apustua. Erronka horri erantzuteko garatu da Torrekua, ekintzailetza kolaboratiborako zentrua; Udalak hitzarmenak izenpetu ditu Don Bosco, Tknika eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarenkin Santo Angel de la Guarda eraikuntza publikoa formazio eta ekintzailetasun zentro bilakatzeko. Ekimen hauen beste adibide bat da Xenpelar Etxean duela gutxi amaitu den Kooperatiben eskola bera.