Oiartzun ibaia eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken garbiketa egin da

IMG-20170711-WA0022Errenteriako Udala eta Behemendi Elkartearen arteko elkarlanaren ondorioz, bi pertsonaz osaturiko taldeak Oiartzun ibaia eta Tolarieta, Masti eta Lintzirin erreketan zegoen zaborren bilketa-lanak egin dira. Iaz hasitako ekimen honek jarraipena izan du aurtengo urtean, eta Oiartzun ibaia eta Lintziren errekaz gain, aurten, lehen aldiz, Tolarieta, Masti eta Epentza errekak ere garbitu dira.

Bi pertsonez osaturiko garbiketa-brigadek zaborrez betetako hogeita hamar poltsa (170 kilo zabor) atera dituzte bi eremu hauetatik, uztailaren 10etik 14ra bitarteko egunetan.

Oiartzungo ibaiaren eremuan, Oiartzungo mugatik hasi eta Santa Klara Enparantza arteko ibai zatia garbitu da, Lartzabal auzoaren aldamenetik Oiartzun aldera doan Lintzirin errekaren zatia barne. Gizakiak botatako mota guztietako hondakinak bildu dituzte: plastikozko poltsak, plastikozko ontziak, trapuak, arropak, intsektizida potoak, plastikozko xaflak, alanbre zatiak, besteak beste.

Modu berean, Tolarieta, Masti eta Epentzati errekak ere garbitu dira. Lehenengoa Tolarieta baserritik hasi eta Masti-Loidi poligonoa bitartean; bigarrena, Loidi baserriaren aldamenetik hasi eta Pontikako auzoa bitarteko zatian, eta hirugarrena, Perurenatik hasi eta Txikierdi bitartean.

Ibaian aurkitutako hondakinek erakusten dutenez, oraindik ere bada jendea zaborra kalean edonon botatzen duena eta horren gainean ohartarazi egin nahi da gizartea, zaborra sailkatu eta dagokion edukiontzira bota behar dela azpimarratuaz. Zabor hauek ontzi egokietara bideratzeko eskaera luzatu behar diogu gizarteari, horiek edonon amaitu ez dezaten.

Ibai inguruan ikusten ditugun zabor guzti horrek, paisaia zikindu eta itxura txarra emateaz gain, kalteak ere eragiten ditu.

Zabor horiek desegiten diren neurrian osagai kimikoak askatuz joaten dira, kutsadura sortuaz. Plastikoaren kasuan, gainera, hegazti eta arrainetan kateatzen da eta zenbait kasutan izaki hauek akabatzea eragiten du. Beste batzuetan, aldiz, irentsi ere egiten dute zaborra eta plastikoa digestio-aparatuan geratzen da hauek akabatuz.

Etorkizun hurbilean hegaztiz, landarez nahiz bizidunez beteriko ibai garbiak nahi baditugu, arro guztia zaindu beharko dugu, bestela zabor eta isurkinak oztopo garrantzitsua izango dira ibai horretan bioaniztasuna bere osotasunean garatzeko. Horretarako, erakundeok eta herritarrok esku hartu beharra daukagu, ingurunea zainduaz eta gure jarduerak sortzen dituen hondakinak modu egokian kudeatuaz.