Atlantikaldiak jaialdiko ekintzetan parte hartzeko izen emateak zabaldu ditu

Bisita gidatua_Atlantikaldia

70 ekintzatik gora antolatu ditu Atlantikaldiak irailaren 21etik 24ra Errenterian Horietako hamabitan parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea. Horretarako epea irailaren 8tik 20ra irekita egongo da edo plaza kopurua bete arte jaialdiaren webgunean.

Hip Hop Kalekaian, zirku tailerra, paddle surf, Albaolako txalupen igoera eta jaitsiera, II. Bideo Expres lehiaketa eta bisita gidatuak dira izen emate sistema daukaten ekintzetako batzuk.

Herritarren parte hartzea sustatzea da jaialdiaren helburuetako bat. Festa giroan murgildu eta antolatu diren jarduera ezberdinetan aktiboki parte hartzeko deia luzatzen du antolakuntzak. Hala azaldu zuten jaialdiko antolatzaileek irailaren 7an Donostiako Untzi Museoan egindako egitarau osoaren aurkezpenean.

Itsasontzi handi bat bailitzan, lau eguneko kultur lehorreratze handi bat irudikatuko du herria Itsas topaleku bilakatzen. Berarekin, munduko txoko ezberdinetako musikak, hizkuntzak, gastronomiak, jolasak eta bestelako kultur jarduerak ekarriko ditu. Lau egunez Errenteria kolorez eta doinuz beteko da, garai bateko itsas portuetan bezala etorrera bakoitzarekin herria goitik behera eraldatuz.