Langabetuek euskara ikas dezaten beka berrien ezaugarriak dira doakotasuna eta malgutasuna

20170926_euskaltegiak-doakotasunEuskara ikasteko doakotasunaren bidean 2017-2018 ikasturtera begira emandako pausoak eta egindako berrikuntzak aurkeztu ditu udalak, udal euskaltegiko eta AEK-ko ordezkariekin batera. Udal ordenantza fiskaletan eta beka sisteman aldaketak egin dira, eta haiei esker, erabat doan ikasteko aukera izango dutela Errenterian erroldatutako herritarrek ondoko multzo hauetakoren batekoak badira: langabezian dauden pertsonak, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, edo gizarte larrialdietarako dirulaguntza jasotzen dutenak. Hori da aurtengo urrats berria

Orain arte ere baziren langabetuentzako taldeak, baina eginiko aldaketarekin ikasleek beraiek nahi duten euskaltegian, ordutegian eta taldean ikas dezakete, eta doan. Udal euskaltegian ikasten duen ikasleak zuzenean doakotasuna du eta Errenteriako AEK-n edo inguruko beste euskaltegitan ikasiko duten ikasleek dirulaguntza eskatu ahal izango dute. Kasu honetan euskaltegiak berak lagunduko die dirulaguntza tramitatzen eta udalak %80a aurreratuko du. Horixe nabarmendu du, hain justu, Garazi Lopez de Etxezarreta Euskara zinegotziak: orain arte ikasleak aurreratu egin behar izaten zuen dirua, eta ondoren itzuli egiten zitzaion. Orain, udalak hasieratik aurreratuko du %80a. Ondoren, beka sisteman egin ohi den moduan, oraingo laguntza hauetan ere %85eko aprobetxamendu eta asistentzia eskatuko zaio ikasle onuradunari erabateko doakotasunera heltzeko.

Errenteriako Udalak euskara ikasteko doakotasunaren aldeko pausu garrantzitsuak eman ditu azken urteotan. Dirulaguntzen bilakaeran ere ikusten dira aldaketak: 2015ean, 43.014 euro; 2016an, 71.317,80 euro; 2017an, 96.000 euro

Matrikulatzeko epea, urriaren 15era arte
Oraindik izena eman ez dutenentzat, matrikulatzeko epea eta laguntzak eskatzeko epea luzatu egingo dela jakinarazi dute. Urriaren 15era arte izango da izena emateko aukera, eta laguntzak eskatzeko aukera, beraz.

AEK-ko arduradunek begi onez ikusi dute pausoa, eta doakotasuna bermatzeko udalak egindako esfortzua eskertu dute. Ahaleginak fruituak ematen dituela ere nabarmendu dute. Udal euskaltegiko zuzendariak, bere aldetik, pauso garrantzitsua dela adierazi du herritar gehiagorengana iristeko aukera ematen duela azpimarratuz.