2018rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du gobernu taldeak

2018rako ordenantza fiskalen proposamena prest du udal gobernu taldeak. Dagoeneko helarazi diete proposamena gainontzeko alderdi politikoei, eta urriko osoko bilkuran eztabaidatzea espero dute. Ordenantza fiskalak testuinguru bereziak baldintzatu dituela adierazi dute Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar Kultura zinegotziak prentsaurrekoan: “egoera ekonomikoIMG_20171006_112224_129a kontutan izan eta zerbitzuen kalitatea mantentzeak eragiten dituen gastuei aurre egin beharra” kontutan izan dute. “Azken urteotan zerga eta tasak izoztuta egon eta gero”, oraingo ordenantza fiskalak aldatzea proposatu dute, “udal diru-sarreretan oreka, eta egonkortasun handiagoa lortze aldera”. Gaur egun diru-bilketarako gaitasuna %40,25ekoa da, Gipuzkoako batez bestekotik (%47) urrun, eta hor oreka bilatu beharra aipatu dute. Bestetik, jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri fiskalak eta ekonomia suspertzea helburu duten azkeneneko urteetako hobari eta salbuespen sortari eutsi egingo zaio, baita ingurumena babesteko neurriei ere.

Halaber, diru-bilketako ordenantza aldatzea proposatzen da, zatikako ordainketa berezia ezarriz ordainagiri batzuetarako, zergadunari ondorio ekonomikoa arintzeko asmotan. Zehazki: Ondasun Higiezinen gaineko Zergari, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari eta Hondakinak Biltzearen gaineko tasari dagozkien ordainagiriak.

Proposatzen diren aldaketak ondokoak dira:

1- Zerga, tasa eta prezio publiko guztiak %2 igotzea, jarraian adierazitako salbuespenekin:

a.) Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Zerga tasak izoztu, 2017an hiri-ondasunei egindako murrizketa mantenduz.

b.) TAOko kuotan %20ko murrizketa egoiliarrentzat.

c.) Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren tasa eta etxez etxeko arreta zerbitzu osagarriaren izoztea.

2- Udal ordenantzetan berriki onartu den birziklapen unibertsala bultzatzeko xedez, biohondakinen bilketan parte hartzeagatik tarifetan hobariak mantentzea proposatzen da, horrela, konpostaje komunitarioko eta etxeko konpostajerako programetan parte hartzen dutenek %30eko hobaria izango dute, materia organikorako edukiontzi marroia erabilita hondakinak gaika jasotzeko udal-programan aktiboki parte hartzen duten etxebizitzen tarifan %25, eta programetan parte hartzen duten saltokien kasuan, %20ko hobaria.

3- Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Ingurumenaren aldeko politika aktiboa sendotzeko urrats bat gehiago emanez, ibilgailu elektriko edota hibridoentzat kuotaren gaineko hobaria igoko da, %25etik %50era.

4- Diru-bilketako ordenantzaren aldaketa, gaurko araubidea udalerriaren egoera sozial eta ekonomikora egokitzeko helburuz. Hori dela-eta, zerga bilketako ordenantzan zatikako ordainketa berezia ezartzen da zergadunari ondorio ekonomikoa arintzeko asmotan. hain zuzen ere, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari eta hondakinak biltzearen gaineko tasari dagozkien ordainagiriak ordaintzeko. Zatika ordaindu nahi duenak eskaera egin beharko du horrela egiteko.

Bestalde, aurreko urteetan jarduera ekonomikoa sustatzeko onartutako neurri fiskalak mantentzen dira, merkataritza-jardueretarako lokalak birgaitu eta egokitzeko obren ingurukoak, merkataritzako lokal txikiei lagundu behar baitzaie. Era berean, ingurumenaren arloko hobariak ere mantendu dira, energia berriztagarriak eta langileentzako garraio-planak sustatzearren,  hartara energia-kontsumoa eta isuriak gutxitzeko.

  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren gaineko hobariak mantendu dira bereziki babestutako kooperatibentzat, enplegua sortzeagatik edo eguzki-energia erabili edo sortzeagatik, edo langileentzako garrio-plana ezartzeagatik.
  • Eraikuntza, Instalazio eta Obren gainerko Zergaren tasa gutxituko da ohiko etxebizitzako obretan, hirigune historikoa birgaitzeko obretan, konponketetan, fatxaden pintaketan eta teilatuen konponketan.
  • Halaber, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergako hobariak mantenduko dira interes bereziko obretarako (% 95), ikastetxe publikoetan egindako obretarako (% 95) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzen dituzten obretarako (jarduera babestuak) (% 34 arte).
  • Obra lizentziaren tasa ordaintzetik edo aldez aurreko komunikazioa egitetik salbuetsita egongo dira aurten ere 6.000 € baino gutxiagoko aurrekontua duten obrak.
  • Bere horretan mantenduko da establezimenduak jarri eta irekitzeko lizentzien edo aldez aurreko komunikazioa behar duten jardueren (jarduera kontrola) lizentzien tarifen gutxitzea, alegia 2016ko maiatzaren 17tik aurrera aplikatzen dena. Tarifa berriak sailkatuko dira jardueraren eta lokalaren azaleraren arabera. Gutxitze honek eragin handiena izango du aldez aurreko komunikazioa behar duten jardueretarako erabiltzen diren 150 m2 arteko establezimenduetan, tarifa 561,50 € beharrean 100 € izango baita (% 82ko gutxitzea).