Atlantikaldia 2017, oraindik ere arrakastatsuago

Kultura 2017-10-06 | 0

balorazioa_argazkia

Errenteriako udaletik jaialadiaren balorazio oso positiboa egin dute. Aurtengoa “kalitatezkoa, berritzailea eta partehartzailea” izan dela nabarmenduz.

Julen Mendozak, Errenteriako alkateak, Laura Landak, Atlantikaldiako jaialdiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak, eta Ion Collar, Kultura zinegotziak, Atlantikaldia 2017 jaialdiaren balorazioa egin dute gaur goizean Errenteriako Niessen Kulturgunean.

Pozik, oso pozik azaldu da Errenteriako Udala aurtengo jaialdiak izan duen harrera onarekin. Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia da, aurten, bere laugarren edizioa izan da. Julen Mendoza Errenteriako alkateak hartu du hitza lehenik eta bertaratukoei eskerrak eman ondoren, aurtengo jaialdiak izan duen harrera beroarekin pozik daudela esan du: “2014an ideia honi ekin genionean, jaialdia sendotzeko 5 urte behar genituela esan genuen. 5 urteko epea eman genion geure buruari horretarako.” Orain 2017an, 4. edizioren ostean, ziurtasun osoz esan du alkateak jaialdi sendo bat sortu dutela: “Zaila egiten zaigu Atlantikaldiarik gabeko Errenteria irudikatzea.”

2016ko Atlantikaldia jaialdia arrakastatsua izan zela aipatu du, izan ere DSS2016 Fundazioa ondoan izan zuten. Jaialdiko antolakuntza eta lantaldearen aurtengo erronka iazko jaialdiaren maila mantentzea zela nabarmendu du eta erronka bete dutela gaineratu du: “Espektatibak erruz gainditu ditugu eta jaialdi arrakastatsuagoa lortu dugu. Ildo honetan, datozen urteei begira, beste erakundeekin lankidetzarako ateak zabaltzen jarraitu nahi dugu eta bide hori garatu.”

Harro agertu da Errenteriako alkatea Atlantikaldiaren aurtengo edizioarekin. Jaialdi borobila, Errenteriak erreferentzialtasun kulturala lortu duela eta herria bera mapan kokatu dutela adierazi du. Gainera, komunitate ezberdinak harremanetan jarri dituztela esan du: “Kultura ezberdinak ekarri ditugu gure herrira eta balioan jarri ditugu bertan ditugunak”.

Alkatearen hitzartzearen ondoren Laura Landa jaialdiko zuzendariak egin du balorazioa. Landa ere oso pozik agertu da laugarren edizioarekin: “Jaialdiaren zuzendari moduan, ni ere oso pozik. Balorazioa: oso positiboa. Atlantikaldia inguruko jaialdi handien mailan jartzea lortu dugu.” Filosofikoki, artistikoki eta estetikoki, aurtengo Atlantikaldiak Itsas Topagune bilakatu duela Errenteria azpimarratu du: “Nortasun berezidun guneak irudikatu ditugu eta herriko hainbat espazio eraldatu”. Hasierako helburua, aurreritzirik gabeko guneak sortzea zela esan du. “Helburu hau bete dugula uste dugu, horren adibide, kontzertuen ondoren herrixkan bildu zen jende anitza.”

Antolakuntzatik publiko ezberdinak erakartzea ere helburu izan dute edizio honetan. Bi aspektu azpimarratu nahi izan du zuzendariak: “Apustu berezia egin dugu gazteak jaialdira hurbitzeko.” Horretarako, Panierreko orubean Kalekaia izeneko gunea sortu eta kultura urbanoen gune bilakatu dute. “Gazteek oso ondo erantzun diote bertako programazioari”. Herritar txikienak ere izan dira Atlantikaldiaren parte. Ikastetxeen kolaborazioari esker, “Badator Olatua!” ekimenean 1.300 haur baino gehiago bildu zituztela esan du.

Landak, Errenteriara kanpotik etorritako jendearen presentzia bereziki hazi dela nabarmendu nahi izan du. “Oraindik datuak biltzen ari garen arren, Euskotrenen datuen arabera aurreko asteburuan baino ia 3.000 pertsona gehiago mugitu dira topoan Errenteriara (eta Errenteriatik).” Amaitzeko, Atlantikaldia jaialdia nortasuna duen jaialdi bat dela gaineratu du. Itsas elkarrizketekin jarraitzeko asmoa dutela ere esan du: “Kontzertu berezi eta bakarrak eskaintzea berezi egiten du jaialdia”.

Azkenik, Ion Collar Kultura zinegotziak hartu du hitza. Julenek eta Laurak aipatutako arrakasta honetan herriko eragileen inplikazioa gailentzekoa dela esan du. Kultur eragileak, kirolari lotutakoak, merkatariak, ostalariak… “Laugarren urtez babesa eman diote jaialdiari eta hori oso pozgarri da guretzat”.

Jatorri ezberdinetako komunitateen parte-hartzea ere inoiz baino handiagoa izan dela esan du eta baita inguruetako eragileena ere. Inplikazio horri esker osatu ahal izan dute 70 ekintza barne hartu dituen programazioa zinegotziaren hitzetan. “Programazio orekatua gainera, publiko zabalari zuzendutakoa”.

Ekintza guztiek parte-hartze handia izan dutela ere gaineratu du Collarrek. Kasu gehienetan, bete egin dira izenematea izan duten ekimenak. “Jaialdiari arima emateagatik herritarrei ere eskerrak eman nahi dizkiet”. Atlantikaldia guztien artean egiten dutela nabarmendu du.

 

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna