Arramendiko parte hartze prozesuaren azkeneko saioa gauzatuko da bihar, asteazkenean

Agustinak | Gaztaño | Partehartzea | Pontika 2017-10-10 | 0

Arramendi_laneanAsteazkenean, hilaren 11ean, egingo dute Arramendiko Parkearen Parte-Hartzearen azken jardunaldia: Itzulketa Saioa.

Errenteriako Arramendi eremua parke bat baino gehiago bilakatzea izan da 2017ko martxoan abian jarri zen Arramendiko Parkearen Parte-Hartze Prozesuaren helburua. Herritar, ordezkari, erabiltzaile eta eragileekin batera, inguruak dituen baliabide eta esanahi desberdinak marko ireki batean antolatzea, alegia.

Fase desberdinak bizi izan ditu prozesuak hilabete hauetan, azken Itzulketa Saiora heltzeko:

Lehen urratsek lekukotzea zuten helburu. Orubera bisitak, datu bilketa, solasaldiak eragile desberdinekin… Fase honetan bildutako informazioa, iritziak eta etorkizuneko bisioak aintzat hartuta, hitzaurre dokumentua plazaratu zen. Arramendi Parkearen ibilbide historikoa zehazteaz gain, prozesuak jarraitu beharreko lan-ildoak ezartzen zituen idatzia.

Hurbilketa fasearen ostean, maiatzean, prozesuko bigarren faseari ekin zitzaion: Deliberazio Gunea. Parte hartze prozesuaren une erabakigarria, aurretik jasotako material konplexua eredu partekatuan lantzeko momentua. Lau jardunaldi antolatu ziren herritarrekin batera, Arramendi inguratzen duten auzoen egoitzetan. Aditu desberdinen ikuspegiak, orubetik txangoa, taldekako teknikak… Herritarrak etorkizuneko parkea irudikatzen hasiak ziren.

Prozesuko talde gidariak ekaineko azken jardunaldian adostutako proposamenei eta akzioei helduta behin behineko ekimen zerrenda aurkeztuko du, arestian esan bezala, datorren asteazkenean, hilak 11, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Xenpelar Etxean.

Hamabost ekimen azken teknika baten bitartez herritarrek osatu, moldatu eta lehenetsi egin beharko dituztenak. Honako hau fase honetako azken bilera izango da.

Errenteriako bizilagunei azken saioan parte hartzeko gonbitea luzatzen zaie, bereziki prozesuan zehar parte hartu duten horiei. Itzulketa Saioa elkarlanak orain arte eman duenaren onespen jarduera bat baita.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna