Familia Gunea, haur txikiekin aisialdiaz gozatzeko espazio berria da

IMG_20171018_122333_545Familia Gunea Errenteriako 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendutako aisialdirako espazio berria da. Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan kokatuta egongo da, eta azaroaren 6tik aurrera jarriko dute martxan. Udalak eta guraso talde batek egindako lanaren emaitza da Familia Gunea, Itziar Ostolaza Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez. Azterketa bat egin eta adin tarte horretan hutsune bat zegoela jabetuta,  hutsune horri irtenbidea ematera dator Familia Gunea.  “Familia kontzeptua era zabalenean ulertuta, heldu zein haurrek haien aisialdiaz gozatzeko espazioa da, zeinetan familiek eredu positiboak eraiki eta sustatu ditzaketen haurren hezkuntza prozesuaren baitan; familia eta seme-alaben arteko kalitatezko elkarrekintza bultzatuz eta horretarako baliabide ezberdinak eskainiz. Etapa honetan ezinbesteko diren alderdi psikomotor eta emozionala garatzeko egokitutako espazioa sortu dugu”.

Udal zerbitzua 0-6 adin-tarteko familia orori irekita egongo da, baina beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Proiektua berria denez, urtarrilera arte izen-ematea doakoa izango da, familiek zerbitzua ezagutu eta esperimentatu dezaten. Urtarriletik aurrera, 30,30€-koa izango da izen-ematea, eta kopuru hori ordainduta ikasturte osoan erabiltzeko aukera izango dute familiek.

Azaroaren 6tik aurrera jarriko da martxan Familia Gunea Jose Luis Caso aretoan, Merkatuzarren. Ondoko ordutegia izango du:
Astelehenak eta asteazkenak: 10:00-12:30
Astelehenak, astearteak eta asteazkenak: 16:30-19:00

Izen-emate epea: urriaren 23tik 31ra arte Gazte Informazioa bulegoan.
Astelehenetik ostiralera: 11:00-14:00
Astelehenak eta asteazkenak: 17:00-19:00

Informazio gehiago: 943449640 deituz edo www.gazteria.errenteria.eus webean eskuratu daiteke.

Zerbitzuan gurasoak parte aktibo izatea sustatu nahi dute, beraiek ere espazioaren kudeaketan parte hartzea. Bide horretan, Luisma Rubio izango dute bidelagun, bera egongo da Familia Gunean, familiekin batera. Rubiok esan duenez, jolas hezitzaile positiboak sustatzea, gurasoen zalantzak argitzea, eta batez ere familiak berak protagonista izatea dira espazio honen helburuak, besteak beste. “Gurasoak haurrekin jolastera etorriko dira, beraiek izango dira protagonista”. Prebentzio lana egiteko asmoa ere badute.

Familia Gunea sei txokotan banatuta egongo da: psikomotrizitate txokoa; hamaiketakoaren txokoa; jolas sinbolikoaren txokoa; irudiaren irakurmenaren txokoa; jolas didaktiko eta logiko-matematikoen txokoa, eta haurren txokoa. Guztira 18 familiako aforoa du espazioak, eta hasiera batean familia bakoitzak txanda bat hautatu beharko du. Hala ere, lehendabiziko hilabeteetan esperimentatzen ariko direla azaldu du Ostolazak.

Proiektua aurrera ateratzeko guraso taldearen izenean Ruben Gallego eta Ritxar Martinez egon dira agerraldian. Esker oneko hitzak izan dituzte udalarentzako, haien eskaerak entzun eta irtenbide bat aurkitzeko ahalegina egin dutelako. Era berean, Itziar Ostolazak, gurasoei eskertu die eginiko ekarpena, “beharrak identifikatzen lagundu digutelako. Prozesu luzea izan da, baina emaitza eman du”.