Beraungo Pablo Sorozabal parkeko haurrentzako joko gunea berritu eta estali dute

Auzoak | Beraun | Bizitzeko espazioak | Hiri Mantenua 2017-10-19 | 0

IMG_5957Beraungo Pablo Sorozabal parkean haurrentzako joko gunea berritu eta estali du Errenteriako Udalak. “Auzoak eragile garrantzitsuak dira herriarentzako, eta auzoetako bizitza indartzeko, auzo biziak izan daitezen, garrantzitsua da haietan azpiegitura egokiak sortzea, eta auzotarrak elkarrekin egoteko aukera izan dezaten guneak edukitzea”, ohar batean jakinarazi duenez.
Horrez gain, auzoan ez zegoen haurrentzako joko gune estalirik, eguraldi txarretik babesteko, eta gabezia horri irtenbidea jartzeko, parkea berritu eta estali du udalak.
Gutxi gorabehera 585 m2 (40×14,80 m) dituen espazio errektangularra du plazak, eta bertan haurrentzako joko gune dena estalia geratu da. Halaber, haurrekin joaten diren helduek esertzeko erabiltzen duten banku luzea ere berritu dute eta berau ere estalita geratu da.
Estaldura hori metalezko habeak eta zutabeak dituen egitura baten bidez egin dute, non bertan polikarbonato konpaktatuzko akabera kokatzen den. Egiturari irtenbidea eman diote 14,80 m argiko 7 arkupeen bidez, 40 m luzera estaltzen duena. Kurba forma duen egitura denez, hainbat altura ditu, eta 6 m da altuena eta 1,80 m baxuena.
Lan hauek denak egiteko Errenteriako udalak Urbabil 2000 S.L. enpresa kontratatu du eta obra guztien kostua 230.000 €-koa izan da.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna