Garabi zerbitzuko langileentzat Enplegu Plana onartu dute behin betiko

Errenteriako Udalak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera Birkokatze Plana onartu du behin betiko garabi zerbitzuko langileentzat.

Udalak publikoki azpimarratu izan du behin baino gehiagotan TAO eta garabi zerbitzuen langileen gaineko erantzukizun legala enpresena dela. Dena den, instituzio gisa, onartu egin du pertsona hauekiko duen erantzukizun morala.

Horregatik guztiagatik, garabi zerbitzuko langileekin negoziatzen aritu ondoren, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera aipatutako Birkokatze Plana onartu du, langileek beraiek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Ekarpen horien artean dago enpresentzako hobaria handitzea, kontratazio epea luzatzeko helburuarekin, edo formakuntza hobetezeko ekarpen ekonomikoa egitea, udalak berak ohar batean jakinarazi duenez.

Dagoeneko pertsona bakoitzaren diagnostikoa egiten ari dira bere enplegagarritasuna aztertzeko, bere lan ibilbidea, formazioa eta abar. Pertsona bakoitzaren profilaren arabera prozesu hau formazio okupazionalaz ere lagunduko dute beraien profila hobetze aldera; formazioa 2900€-ra artekoa da, batez beste, pertsonako.

Oarsoaldeak, dena den, pertsona hauen profila hobetzeko ardura hartzeaz gain, Enplegu Plan hau oinarri hartuta, inguruko enpresetan indusketa bat eginen du pertsona bakoitza lanpostu konkretu batera bideratzeko. Era berean, Oarsoaldea, enpresentzako laguntzen oinarriak argitaratu ondoren, profil horiek interesekoak dituzten enpresen aktibazioan lanean ari da.

Zentzu honetan pertsona hauek kontratatzen dituzten enpresak 3 urteetan 18.000 euroko bonifikazioa langileko edukiko dute. Beti ere, hobariak kontratazio egonkorretara bideratzen badira. Horrez gain, prozesu hau ahalik eta garbiena izateko eta pertsona bakoitzaren egoeraren jarraipena egiteko batzorde bat osatu da, Oarsoaldeak, Udalak eta Birkolokatze Planean parte hartzen duten garabi zerbitzuko langileek proposaturiko ordezkari banarekin.

TAOko langileei egindako plan eskaintza

Errenteriako Udalak TAO zerbitzuko langileei ere eskaini die garabi-langileekin landutako birkokatze planaren moduko bat egitea. Eskaintza hau irailaren 8an eta 19an egindako bileretan gauzatu zen. Urriaren 27an, hau da, datorren ostiralean egingo da langile eta udalaren arteko hurrengo bilera; erakundeak espero du egindako eskaintzaren erantzuna jasotzea. Aipatu planaren helburu bakarra da langileen birkokatzea lanpostu duin eta egonkorretan izatea.