Ibaiaren saneamendua hobetzeko lanak hasi dituzte Iztietan

Oiartzun Ibaiaren saneamendua hobetzeko lanak hasi dituzte Iztietan. Errenteriako saneamenduko kolektore nagusiaren zati handi bat berritu egingo dute. Bide batez, eta udalaren ekimena aintzat hartuz, lan horiek egingo dituztela baliatuz Iztietako Amasa kaleako eta Astigarraga kaleko zati bateko saneamendua ere egingo dute. Neurri handiko obrak direla adierazi du  Bernar Lemos zinegotziak, eta auzoarentzat ekarriko dituen hobekuntzak nabarmendu ditu, aipatu kaleetako saneamenduari erreferentzia eginez. Auzotarrei lasaitasun mezua bidali die, eragozpenak ahalik eta txikienak izateko ahaleginak egingo dituztela adieraziz.

Lanek eragina izango duten eraikinetatik Añarbeko Urak erakundeko teknikariak pasako dira datozen asteetan, obrek arazorik sortuz gero kontrola eraman ahal izateko.

Añarbeko Urak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean sinatu zuten hitzarmena, eta gaur, berriz, lanen hasiera ekitaldia egin dute. Bi erakunde horien artean finantzatuko dute lana, bakoitzak %50a jarrita. Gaur egun bi ponpatze-estazio daude eta horiek lotuko dituen kolektore berria eraikiko dute. Horrela, ibaira egiten diren isuriak ia desagertu egingo direla adierazi du Maije Zelaiak Añarbeko Uren izenean.  Lanak egiteko erabiliko duten sistemari esker, zangak egin gabe gauzatuko da kolektore hori egiteko obra. Putzu bertikal bat irekiko dute Amasa kalearen amaieran, eta hortik, lurpetik egingo dute lana.

30 urteren ondoren sistema nahiko osatua dagoela adierazi du Jose Ignacio Asensio diputatuak, baina mantentze lanak egitea beharrezkoa dela. Lanaren aurrekontua 2,2 milioi eurokoa da, eta 12 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute. Beraz, 2018ko urriaren hasierarako amaituko lirateke lanak.