Oarsoaldeko 1.328 ikaslek izena eman dute eskola kirolean

Oarsoaldeko eskola kirolaren 2017-18 ikasturteko lehen datuak aurkeztu dituzte Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako zinegotziek. Eskola kirolak handitzen jarraitzen duela adierazi dute, azken urteetako bilakaerak horixe adierazten duela. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleen % 48,27k izena eman du eskola kirolean aurten, 1.328 ikaslek, hain zuzen. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.751 dira guztira.

Datu horrek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du eskola kirola. 124 talde daude guztira: 67 talde Errenterian, 26 Oiartzunen, 21 Pasaian, eta 10 Lezon. 60 entrenatzaile arduratzen dira 124 talde horien saioak gidatzeaz, 17 emakumezko eta 43 gizonezko.

Nesken parte hartzea gorantz doa eskola kirolean urtez urte, poliki bada ere. Nesken % 31,74k hartzen du parte eskola kirolean. Mutilen artean ehuneko hori % 63,10 da. Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten dute gaur egun. Oarsoaldeko lau udalek 19 bat urte daramatzate eskola kirolaren jarduna hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez, gidatzen dute lan hau..

Halaber, Oarsoaldeko lau herrietan, eskola kirolaren egitura, profesionalizatua dagoela nabarmendu dute. Hori horrela izan dadin ikastetxeek eta udalek egin duten esfortzua nabarmendu eta balioetsi dute.