Errenteriako Udalak herritar guztiak deitu ditu historia-ondarea babestera

Erdigunea 2017-10-27 | 0

Errenteriako Udalak jakin duenez, Foru Plazako etxaurre baten konponketa lanak egiten ari zirela, bertan zegoen armarria kolpatu eta desagerrarazi dute.
Udalak Santxoenea 23 eraikineko jabeei obra-baimena eman zien etxaurrean konponketa zehatzak egiteko, paretako zati batzuk kalera erortzeko arriskua zegoelakoan. Baimenaren baldintzetan adierazita zegoen eraikin hori “Alde Zaharra Zaharberritzeko Plan Berezia”-k barne hartzen duen babestutako esparruaren barruan dagoela. Hori dela eta, Planak dionari lotuta dago, bereziki, beti zaindu beharreko elementuak diren etxaurreko armarriei dagokienez. Bertan jasotzen da, hitzez hitz, horren inguruan “edozein gorabehera izatekotan, udal zerbitzu teknikoei jakinarazi behar zaie”.
Gertaera hori dela-eta, Errenteriako ondare historiko-artistikoaren osagaietako bat hondatu eta desagerrarazi dute. Horren aurrean, Errenteriako Udalak ezin du ezikusiarena egin, ez du horrelakorik egin nahi.
Tamalez, ez dago konponbiderik. Errenteriarren arbasoek utzitako ondasunetako bat galdu du herriak. Ondasun horiek gorde eta zaindu beharra dago ondorengoek jaso ditzaten. Leku publikoetako ondasunak zaintzeko administrazioak egindako ahaleginak ezer gutxi balio du, herritar guztiek ez badira sentitzen betebehar moral eta legalen erantzule.
Atzotik, Errenteriako alde zaharrak, Gipuzkoako aberatsenetakoa denak, armarri bat gutxiago du. Beraz, iraganaren zati baten faltan dago, eta etorkizunean argazkian baino ezingo da ikusi. Udal arduradunak atsekabetuta daude, eta herritarrei jakinarazten diete gaia udal zerbitzu juridikoen esku dagoela, bidezkoa bada, horren inguruko erantzukizuna eskatzeko.
Arduradun horiek espero dute gertakari tamalgarri hau baliagarri izatea administrazioak zein herritarrok, jazotakoa kontuan hartu, eta horrelakorik berriro gerta ez dadin.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna