Ekonomia Solidarioaren V. Azoka azaroaren 18an Merkatuzarren

Ekonomia Solidarioaren eta Eraldatzailearen V. Azoka Gipuzkoan egingo dute aurten. Errenteriako Merkatuzarren egingo dute azaroaren 18an, 11:00etatik 20:00etara.

Aurten ere, ekonomia solidarioa eta eraldatzailea indartu eta ikustarazi nahi duen espazioa izango da azoka. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekonomia solidarioa eta eraldatzailea hazten ari den errealitate sozio-ekonomikoa da, eta krisiari erantzunak eskaintzen dizkio ekoizpen, zerbitzu, komertzializazio, kontsumo edota finantza-sektoreetan.
Azokaren arduradunek diotenez, hori guztia lor daiteke enpresa-eredu eta gizarte-proiektu zehatzen bitartez, hain zuzen ere, beraien bideragarritasuna inguru-errealitate integral, ekonomiko eta sozialean oinarritzen duten enpresen bidez. Azoka honen bitartez, merkatu soziala gizarteari hurbildu nahi diote eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko lankidetza bultzatu nahi dute. Horregatik lelo hau erabaki dute aurtengorako: Ekonomia bizitzaren zerbitzura – Cooperar para transformar-nos.

Azoka hau OlatuKoop-ek (Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Sarea), REAS Euskadi-k (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) eta Saretuz-ek (Donostiako kontsumo arduratsuaren sarea) sustatu dute, Errenteriako Udalaren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.