Lekuona Fabrikako lanak 2018ko amaierarako bukatzea aurreikusi dute

Lekuona Fabrika Kulturala egiteko obrak berriz martxan jartzea eta azken faseari ekitea erabaki zuen udalbatzarrak astearteko osoko bilkuran, aho batez. Hala, 2018ko urte amaierarako obra bukatuta egotea aurreikusi dute. Lizitazioari argi berdea eman zioten plenoan, eta urtarrilerako obraren esleipena egin, eta lanei berrekiteko asmoa dute. Arkitektura ireki eta malgu batean oinarrituta, auditorioa edo liburutegia bezalako espazio definituak izango ditu. Julen Mendoza alkateak, eta Ion Collar Kulturako zinegotziak gaiari buruzko zenbait xehetasun eman dituzte.

Lekuonako lanak 2016ko uztailaren 20an eten zituen udalak; obra egiteko kontratua  amaitzea erabaki zuen jasandako atzerapenengatik. Horrez gain, enpresari zigorra jarri zion aipatutako atzerapen horiengatik, eta hori guztia dela-eta eraikuntzaren lanak geldituta egon dira orduz geroztik. Prozesuan Foru Aldundiarekin “zurruntasunak sortu” zirela gogorarazi du du Mendozak, Lekuonak jarraitu behar zituen helburuen inguruan.

Adostasunen bidez abiadura azkartu

Egoera lehenbailehen bideratzeko elkarrizketaren bideari ekin eta adostasuna lortu zutela azaldu du. Horrela, urte bereko abendurako erabilera aldaketa egikaritu zen Lekuonarako, arte eszenikoen fabrikaren proiektua baztertuta, auditorioa, liburutegia eta abar bilduko dituen proiektua zehaztu zuen, eta elkarlan protokoloa izenpetu zuten Gipuzkoako Foru Diputazioko Kultura sailak eta Errenteriako Udalak. Modu honetan, proiektuak bultzada berria jaso zuen. Hitzarmenak finkatu zuen Diputazioak egindako 2.436.963 euroko ekarpenari eustea.

Akordio horretatik aurrera proiektuak indar berria hartu zuen eta 2017ko martxorako arkitekto talde bat lanean hasi zen.  Talde hori udaleko talde multidiziplinar batekin elkarlanean aritu da proiektu berria prestatzen, Lekuona erabilera anitzeko lekua eta erreferentziala bilakatzeko. “Malgutasuna” bilatu dutela nabarmendu du alkateak, espazioekin jokatzeko aukera izatea, “eta oso proiektu interesgarria da”. Denbora oso laburrean proiektu berria marraztu dute. Proiektu honek arkitektura ireki batean oinarritua, gune zabal eta malguen eraikuntza sortzea du helburu, liburutegia eta auditorioa bezalako espazio definituak izango dituena, baina pertsona eta diziplina ezberdinen elkar topatzea bilatzen duena. Malgutasuna, beraz, espazioa erabiliko duten hamarnaka herriko eragileentzat.

Obraren parte luzeena eta zailena eginda dagoela azaldu dute, eta beraz, falta dena 2018ko amaierarako amaituta egongo dela. Eraikina, lehengo proiektuan jasotakoaren ia berdina da. Espazioaren aforoari dagokionez badira diferentziak, lehen 1.700 pertsonako aforoa baitzuen, eta orain 3.500ekoa izango du. Hori dela-eta, egin dizkiote kanpoko aldean eskailerak, larrialdietarako arauak eta abar, betez.

 

Prozesu partehartzailea eragile kulturalekin

Eraikinaren erabilera aztertu eta lantzeko, kultur eragileekin ere hitz egingo du udalak; prozesu partehartzaile bat irekiko du azaroan bertan, eragile kultural eta sektorial ezberdinekin. Ion Collarrek azaldu du, eragile kulturalekin elkartu eta aztertu nahi dutela gaia, “eraikina dinamikoa, irekia” izan dadin.  Horrez gain, alderdi politiko guztiekin ere kontaktuak mantenduko dituzte orain arteko jarrera eraikitzailea eta proiektuaren ezaugarri nagusia izan den kontsentsua mantentze aldera.

Udaletik dagoeneko hausnarketa fase bat egin dute, Kulturako Plan Estrategikoa egiteko, eta horrek ahalbidetu dut prozesua hau hain azkar hasi ahal izatea. Horrela, Errenterian dauden ekipamendu guziten inguruko gogoeta egingo dute, haien eman beharreko forma eta erabilera aztertuko dute, Lekuona, erdigunean jarrita.