Beste eredu ekonomiko bat erakustarazi nahi dute Ekonomia Sozialaren Azokan

Azokaren aurkezpena

Ekonomia Sozialaren V. Azoka egingo dute azaroaren 18an Errenterian, Ekonomia bizitzaren zerbitzura lelopean. Egun horretarako eta bezperarako, mintegiak, tailerrak, eta beste ekintza batzuk prestatu dituzte antolatzaileek. Ekonomia solidarioa indartzea, eta ekonomia bera beste modu batera antolatzeko aukera badagoela erakutsi nahi dute azokaren bidez.

Azoka hau OlatuKoop-ek (Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Sarea), REAS Euskadi-k (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) eta Saretuz-ek (Donostiako kontsumo arduratsuaren sarea) sustatu dute, Errenteriako Udalaren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Hiriburuen zirkuitutik atera eta Errenteriara

Merkatuzar eraikinean egingo dute azoka, eta han bertan eman dituzte antolatzaileek xehetasunak. Eñaut Gracia Errenteriako udaleko Informazio Gizarte zinegotziak adierazi du ohorea dela azoka bertan egitea. Izan ere, orain arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan egin izan baitute. Aurten Errenterian egitea, herrian egindako bidearen errekonozimendua da: “uste dugu udalek, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak izanik, erantzunkizun handia dutela komunitatearen gain, eta horregatik egin behar dutela apostu eredu sozialen alde; hau da, ezin garela neutralak izan, badugula erantzukizuna errealak diren alternatiba horiek periferiatik zentralitatera ekarrarazteko”. Adibide gisa aipatu ditu, Torrekua edo kontsumo taldeen aldeko jarrera.

Marian Díez, REAS Euskadiko presidenteak azaldu du ekonomia solidarioa indartzea helburu duela azokak. Egungo krisiari erantzuna eman nahi dio ekoizpen, zerbitzu, komertzializazio, kontsumo edota finantza-sektoreetan. Eta hori bideratzen dute “enpresa-eredu eta gizarte-proiektu zehatzen bitartez, hain zuzen ere, beraien bideragarritasuna inguru-errealitate integral, ekonomiko eta sozialean oinarritzen duten enpresen bidez”. Azoka honen bitartez, merkatu soziala gizarteari hurbildu nahi diote eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko lankidetza bultzatu nahi dute. Azoka Errenterian egitearen inguruan, REASek dezentralizazioa aipatu du, batetik, eta bestetik, eskualde hau bistaratzeko aukera ematea.

OlatuKoop-en izenean Nagore Vegak hartu du hitza. Ekonomia sozial eraldatzailearen Euskal Herriko topagune bat izatea beharrezkoa ikusten dutela adierazi du, eta azokaren bidez, ekonomia antolatzeko beste eredu bat badela erakutsi nahi dutela. “Herritarrei alternatibak badirela erakutsiko diegu, eta gainera eredu hau sustatu nahi dugunon artean interkooperazioa landuko dugu festa giroan. Ekonomia bizitzaren zerbitzura jarri nahi dugu, kooperatuz, aktibitate sektore ezberdinetatik: elikadura, aisialdia, komunikazioa, hezkuntza, teknologia, baliabideen ekoizpena, aholkularitza, pertsonentzako zerbitzuak, zaintza eta beste asko. Erakutsiko dugu ekonomia osoa beste modu batera egin daitekeela”.

Bezperan mintegia, eta egunean bertan, tailerrak
Azoka ekimen anitzez osatuta dago. Bezperan, azaroaren 17an, ekonomia sozial, solidario eta eraldatzaile batentzat tokiko politika publikoei buruzko mintegia egingo dute Xenpelar Etxean, 09:30etik 14:00etara:

  • Ekonomia solidariotik lurraldeak nola eraldatu, REAS Euskadiko kideen eskutik.
  • Santiago Lesmes aholkulariak azalduko du nola sustatu erosketa publiko arduratsu eta eraldatzailea.
  • Atsedenaldiaren ondoren, tokiko alternatibak ezagutzeko aukera etxebizitzaren esparruan, Bartzelonako eta Errenteriako Udalen programen bidez.
  • Azkenik, tokiko garapen berri baterako ekintzailea kooperatiboaren berri, REAS Aragoneko Cristina Sanchez eta OlatuKoopeko Amaia Oleagarekin.

Interesa dutenek, aurrez izena eman behar dute: reaseuskadi@reaseuskadi.net

Azokari dagokionez, berriz, azokaren ordutegia hauxe izango da: 11:00-15:00-16:30-20:00; eta denetariko sektoreak egongo dira. Tailerren programa ondokoa da:
0 maila:
12:00 – Egitura mutualistak sortzea (OlatuKoop, Talaios/Hiritik At).
13:00 – Energia berriztagarrien ekoizpena (Goiener).
17:00 – Banaketa, banatzailerik gabe? Agro-ekologiaren kasua (OlatuKoop, Lakari).
18:00 – Teknologia komunak (Eticom).
1. maila:
12:00 – Finantza etikoen irakaskuntza.
13:00 – ESEan ekintzailetza (OlatuKoop, Koopfabrika).
17:00 – Genero perspektibadun erakunde egiturak (EkoSolFem).
18:00 – Etxebizitza eredu komunitarioak/kooperatiboak (Koop57-Reas).
Txikigunea ere egongo da, txikienak ere “interkooperatzen” jartzeko asmoz. Horrez gain, txosna, egongo da, eta baita bideo-photocall solidarioa, eraldatzailea eta arduratsua. Eguna festa giroan amaitzeko kontzertua izango da karpan.
Azkenik, Saretuz taldeko Nerea Gonzalezek dei egin dio jendarteari azokan parte hartzeko. Ekonomia solidarioa zer den jakiteko aukera ederra izango dute herritarrek 18an, berak adierazi duenez.

Azokari buruzko informazio gehiago, www.goazenazokara.org atarian.