AsteBatZuk ekimena Euskararen Egunaren atariko

Euskararen eguna hurbiltzen ari den honetan, AsteBatZuk ekimena aurkeztu dute Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, ikastetxeek, AEK-k, udal euskaltegiak, eta udalak. Apirilean egindakoaren bidetik, azaroaren 27tik abenduaren 3ra, astebetez euskaraz aritzeko erronka jarri dute mahai gainean. Horrez gain, abenduaren 3ra bitarte beste hainbat ekintzekin osatu dute egitaraua.

Apirilean egin zen AsteBatZuk ekimena, eta izenari eustea erabaki dute oraingo honetarako. Astebete euskaraz aritzea izango da erronka. Erronka horrekin euskaltzaleak aktibatu egin nahi dituztela adierazi du Garazi Lopez de Etxezarreta Hizkuntza Politikarako zinegotziak, beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten. Apirilekoak oso harrera ona izan zuen eta orain, Euskararen eguna hurbiltzen ari den honetan, beste saiakera bat egin nahi izan dute.

Aste hori azaroaren 27tik abenduaren 3ra izango da. Bertan parte hartzen dutenek bi aukeren artean hautatuko dute: Ahobiziak, bere jarduna euskaraz izateko konpromisoa hartzen dutenak; eta Belarriprest-ak, euskaraz ari denari hizkuntzaz aldatzeko eskatu gabe euskarazko jarduna jarraitzeko prest agertzen direnak, nahiz eta gazteleraz erantzun. Horretarako, bakoitzak bere identifikazio txapa eramango du.

Aste honi Euskararen egunean emango diote amaiera, eta lekukoa Oiartzunek hartuko du, haiek ondorengo astean erronkari eutsi diezaioten. Pozgarria dela adierazi dute, argi geratzen baita hau ez dela Errenterian isolaturik egingo dugun ekimena, Euskal Herri osora zabalduko dena baizik.

Hala, esan dute motore beroketa baino ez dela, izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaldunon Topaguneak erronka handiago bat martxan jarri asmo dute: Baietz 11 egun euskaraz Euskararen herrian. Hori 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da eta Errenteriarrak prest egongo dira.

Egitasmoan hainbat eragilek parte hartuko dute eta horietako batzuk gaurko agerraldian izan dira: Lau Haizetara euskaltzaleon topagunea; AEK; ikastetxeak: Bizarain, Telleri, Koldo Mitxelena, eta Gamon; udal euskaltegia, eta udala bera. Horiez gain herritarrei dei egin diete parte hartzeko. Izena eman ahal izango da azaroaren 15etik aurrera. Izena emateko hainbat puntu jarriko dituzte, eta hor jaso ahal izango dute bere txapa, ahobizi edo belarriprest markarekin. Izena emateko aukera izango da Lau Haizetara euskaltzaleon topagunean, udal euskaltegian, AEK-n, eta udalean bertan, Udal Hizkuntza Politika departamentuan, eta Gazte bulegoan; eta baita ere parte hartuko duten ikastetxeetan.

Euskararen egunera bitarte ekimen ugari antolatu dituzte. Aitzol Perez de San Romanek, Lau Haizetarako kideak eman du egitarauaren berri:

Azaroak 22:

  • Handia filmaren proiekzioa, goizez, euskaltegiko ikasleei zuzenduta.
  • Gazteentzako literatur itzulpen tailerra udal liburutegian.

Azaroak 23: Gazteentzako literatur itzulpen tailerra udal liburutegian.

Azaroaren 27tik abenduaren 3ra: Baietz astebete euskaraz aritu erronka. Horrez gain:

  • Azaroak 27 eta 28: Baga Biga saioetan Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak euskal musikaren historia kontatuko diete 13 urteko gazteei eta Euskaltegietako ikasleei.
  • Azaroak 30: Mintzodromoa: euskaraz aritu nahi duen guztia gonbidatua dago bertaratzeko, tertulia kafea eta tertulia goxoa aurkituko ditu bertan.
  • Abenduak 1: Oarsoarrak Sariak banatuko dira. Sari hauekin, bailaran euskararen inguruan aurrera eraman diren praktika egokiak saritzen dira.
  • Abenduak 3: Euskararen eguna. Egun horretarako ikastetxeak, Lau Haizetara, AEK eta udal euskaltegia udalarekin elkarlanean ari dira egitaraua prestatzen.
    • 11:00 Kantu Jirak emanaldia eskainiko du Koldo Mitxelena ikastetxeko aterpean, musikari batzuek lagundurik, bertaratu nahi duen guztiarentzat.
    • Ondoren ikastetxeek prestatu dituzten dantzak ikusteko aukera izango da.
    • Azkenik, Oiartzuni lekukoa emango diote.

Euskarak egindako bidea nabarmendu du Etxezarretak. “Bide handia egiten ari da, eta baita euskaldunak ere. Errenterian bertan, azken 20 urte hauetan euskal hiztunen kopuruak izan duen bilakaera kontutan izatekoa da, %50 inguru izatetik %65 izatera pasaz, eta gaur egun 20 urtez azpiko gazteen ia %100 da euskaldun. Horrek herriko euskaltzaleei aurrera egiteko indarra ematen die, eta gero eta gehiago dira, bai norbanakoak bai erakundeak ere. Horren lekuko gaurko agerraldian egon direnak: ikastetxeak, Lau Haizetara, AEK, Udal Euskaltegia…”

Egindako bidea kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Aurten 20 urte betetzen dira Errenterian Euskararen Udal Ordenantza onartu zenetik eta hori gogoratuz ibilbidearen errepasoa egiten duen argitalpena zabalduko dute herrian.