Jarduera fisikoa sustatzeko programak hasi dira, kirolik egiten ez dutenei bideratuta

Laugarren urtez jarraian udal kirol instalazioetan jarduera fisikoa sustatzeko programak hasi dira normalean kirolik egiten ez duten pertsonei bideratuta. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan integralak pertsonak mobilizatu nahi ditu bizimodu fisikoki aktibo eta osasungarria eraman dezaten eta, bertan jasotako apostuei jarraiki, hasi dira udal kirol instalazioetan jarduera fisikoa sustatzeko programak.

Programa hauetako lehenengoan doaneko ibilaldi osasuntsuak daude 65 urtetik gora duten pertsonentzat. Ibilaldi osasuntsu hauek eskiatzeko erabiltzen diren antzeko bastoiak lagunduta egingo dituzte.
Lau talde antolatu dituzte, astelehenetan eta asteazkenetan Fanderiako udal igerilekutik aterako dira eta astearteetan eta ostegunetan Galtzarabodako udal kiroldegitik. Jarduera hori beti aire librean egiten dute, baita euria egiten duenean ere. Kasu guztietan 10:45ean aterako dira.
Monitore batek dinamizatu eta bideratuko ditu ibilbide osasuntsu hauek, eta hasi aurretik azalduko du bastoiak erabiltzeko teknika zein den.
Jarduera doanekoa da eta 65 urtetik gorako pertsona guztientzat da, udal kirol instalazioetara abonatuta egonda ala ez. Dena den, beharrezkoa da aurretik izena ematea (Galtzarabordako kiroldegiko harreran, tel: 943.44.6.90) edo Fanderiako igerilekuko harreran (tel: 943.34.44.23). Arropa erosoa jantzita eta ariketa fisikoa egiteko gogoz joan behar dute interesatuek. Ibiltzeko bastoiak antolatzaileek banatuko dituzte.
Bigarren programak Mugituz du izena. Jarduera fisikoa egiteko programa da eta “ahul” dauden pazienteei bideratuta dago. Paziente “ahulek” ezaugarri zehatz batzuei erantzuten diete eta oro har ondorengo faktoreetako bat edo gehiago izaten dute: 80 urtetik gorakoa, bakarrik bizi dena, ezintzen duen patologia kronikoren bat duena, polifarmazia, gizarte sarearen laguntza ez du nahikoa, …
Iztietako eta Beraungo anbulategiekin elkarlanean, beren pazienteen artean antzeman eta beren osasuna hobetzeko jarduera-fisikoa praktikatu behar duten pertsonak bidaltzen dituzte. Klase horietara joan ahal izateko osasun alorreko profesionalen ziurtagiria behar da.
Mugituz programa ekainaren bukaera arte burutzen da bi taldetan (10:15etik 11:15era eta 11:15etik 12:15era), astelehen eta asteazkenetan, Galtzarabordako udal kiroldegian.
Azkenik, Mugi Zaitez Bihotza programa jarduera fisikorako programa da eta bideratua dago osasun arazoak direla-eta tratamendu medikua jarraitzearekin batera bizimodu ohituretan aldaketak egin behar dituzten pertsonei. Publiko objektiboa jarduera fisikoan hasi gabeko pertsonak dira, edo eskarmentu txikia dutenak, eta jarduera gainbegiratu eta kontrolatua egitea behar dutenak. Profil horri honako patologiak dituzten pertsonek erantzuten diote: bronkitiko kronikoak, arrisku kardiobaskular handi edo moderatua duten pertsonak, gutxiegitasun kardiako kongestiboaren diagnostikoa duten pertsonak, …Jarduerak orain arte izan duen arrakasta kontutan izanda, Errenteriako udalak ahalegin handia egin du programa zehatz  honen finantziaziorako, aurreko denboraldian izandako plaza kopurua bikoiztu baita.
Programa honetan izena emateko prozedura aurrekoaren antzekoa da. Errenteriako anbulategiekin elkarlanean, osasun zentroetako langileek beren pazienteen artean zuzendutako jarduera fisikorako programa honetan parte hartzeko beharra duten pertsonak antzemango dituzte, beren ezaugarriak kontuan izanda.

Bi formakuntza saio

Beste alde batetik, Errenteriako udala lanean ari da beste bi formazio programa prestatzen, kasu honetan udal Gizarte Zerbitzuekin batera, adinekoen artean ariketa fisikoa sustatzeko. Programa horien berri aurrerago emango dute.  Lehenengoa bideratua dago etxez-etxeko udal zerbitzuan lan egiten duten pertsonei, eta formazio saioen bitartez baliabideak emango zaizkie Errenteriako udalaren etxez-etxeko zerbitzua jasotzen duten adinekoen artean jarduera fisikoa sustatzeko. Bigarrena, berriz, erretiratuen elkarteetara joaten diren pertsonei zuzenduta dago, eta formazio hitzaldien bidez etxean ere ariketa fisikoa egin dezaten sustatu eta banakako ariketak eta ariketa kolektiboak jasotzen dituen taula eskuratuko zaie.
Jarduera hauek doakoak dira parte-hartzaileentzat, gastua Errenteriako Udalak bereganatzen baitu, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren lankidetzarekin.
Informazio gehiago Galtzarabordako kiroldegiko harreran, tel: 943.44.96.90) edo Fanderiako igerilekuko harreran (tel: 943.34.44.23).