Beraunen igogailuak jartzeko proiektuan lanean hasiak dira

Beraunen igogailuak egingo dituzten ingurua.

Beraungo auzoa elkar-lotzeko eta irisgarritasuna hobetzeko igogailuak jartzeko proiektua lantzen hasia da udala, dagoeneko. 2018rako aurrekontuetan 700.000€ko aurrekontua dago aurreikusita. Beraungo auzoari zerbitzua emango dio eta ardatz berri bat sortuko du, udalak jakinarazi duenez.

Irisgarritasuna udalaren lan ildo garrantzitsuenetakoa izan da 2012an Plan Estrategikoa egin zenez geroztik; hain zuzen, Irisgarritasun Planak bultzada berria jaso zuen plan estrategikoaren baitan. Plan honek beste leku batean ezartzen zuen igogailua, baina Auzo Elkartearekin kontrastea egin ostean, eta ikusirik Beraun behea eta goiko aldea hobeto lotzen dituela, eta gainera, Galtzarabordako ardatzarekin lotzeko helburua hobeto betetzen duela, beste enplazamendu honetara leku aldatzea erabaki du udalak.

Hausnarketa honetatik abiatuta lehentasun politiko bat ezarri zuen udalak; hau da, auzoak elkar lotzea mugikortasun ardatzak egikaritu eta auzoen arteko altura ezberdinak gainditzea bermatuz. Azken finean hori baita Errenteriaren errealitatea, biztanle dentsitate handiak dituen auzoak edukitzea erdigunetik oso hurbil, baina era berean, altura ezberdinetan.

Mugikortasun ardatz garrantzitsua

Mugikortasun erosoago hori bilatzeko bidean eta irisgarritasuna herritar guztiei bermatzeko bidean, Beraungo auzoan zati ezberdinetan egingo dituzten igogailu horiek herrian egongo diren garrantzitsuenetarikoak izango dira, inguru horretan bizi den pertsona kopurua kontuan hartuta. Hala, Galtzaraborda, topo geltokia – Parke kalea igogailuak hilean dituen 40.000 mugimenduak, edo Parke kalea – Urdaburuk hilean dituen 35.000 mugimenduak izatera iristea beste igogailu hau ere.

Udaletik adierazi dutenez, gailendu den logika edo arrazoibidea ondokoa izan da, ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emango dion igogailua eta planifikazioa egitea Beraungo auzoan ardatz berri bat eginez. Horrela, Beraun kaletik abiatuta, Jesus Guridi, Krisostomo Arriaga, Julian Lavilla eta Galtzaraborda etorbidera lotuko ditu, Beraun kalea eta Galtzaraborda etorbidearen artean ardatz bat eraikiz.

Igogailu sarea pixkanak geroz eta zabalagoa

Lan hauek egiteko diru-laguntzak eskatu berri ditu udalak eta igogailua egikaritzean herrian zehar geroz eta zabalagoa den igogailuen sarea osatuko du: Agustinak (Resurrección Mª de Azkue – Markola); Kaputxinoak, (Basanoaga-Telefónica); Alaberga; Galtzaraborda (Parke – Urdaburu). Horiek, 2011tik aurrera eginak, eta aurretik zeuden Fanderia (Fanderia – Agustinak); Kaputxinoak (Sorgintxulo – Basanoaga). Bernar Lemos Hirigintza zinegotziak eta Jose Cruz Legorburu  Ingurumen zinegotziak agerraldia egin dute. Haiek azaldu dutenez,  igo eta jaitsi egiten den elementu bat baino zerbait gehiago den sarea osatzen ari da, nolabait pertsonen arteko zubia suposatzen duen egitura baita, altura ezberdinetan dauden espaziotan zehar mugitzeko erreztasuna ematen baitu.