Teknologia libreen tailerra Torrekuan

Habian! proiektuaren ekitaldien programaren barruan, teknologia libreen tailerra antolatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak, azaroaren 23an eta 30ean arratsaldeko 17:00etan Torrekuan, TANIT egitasmoaren eskutik. Tailerrean parte hartzeko ezagutza berezirik ez da behar eta bertaratzen direnek, teknologia libreak ezagutzeaz gain, tailer praktikoaren bidez Arduino munduan murgiltzeko aukera edukiko dute.

Teknologia libreen tailerra Errenteriako Torrekua eraikinean (Jaurtakol plaza zg, 20100 Errenteria) egingo dute eta bi zatitan banatuko da: azaroaren 23an eta azaroaren 30ean, bakoitza 2 orduko iraupenarekin. Tailerra TANITeko Unai Gorrotxategik gidatuko du. Gorrotxategi, beste hiru enpresekin batera, Habian! Teknologia Kreaktiboko programaren bidez Torrekua eraikinean lanean ari da egun. Habian! Teknologia Kreaktiboa egitasmo teknologikoak garatzen laguntzen dituen hazitegia da, mentorizazio eta aholkularitzaren bidez, ekintzailetasun sozial eta kolaboratiboaren ikuspuntutik: adn.errenteria.eus/abian

Unai Gorrotxategi Informatikaria, software librean garatzaile eta sistema kudeatzailea da, teknologia eta azpiegitura libreak aztertu eta eraikitzen ditu. IoT eta hardware librea oinarri, hainbat proiekturekin esperimentatzen eta ikasten ari da. Gaur egun, Talaios kooperatibako bazkidea da eta, era berean, TANIT proiektu teknologikoa bultzatzen ari da Habian! hazitegi kolaboratiboan.

Bi saio

Tailerrak bi saio izango ditu, bertan teknologia librearen ezagutzari buruz arituko da, eta, era berean, parte-hatzaileek arduino bidez gailu ezberdinak erabiltzeko gidalerroak ikasiko dituzte eta ariketa praktikoak egingo dituzte. Arduino, robotika eta gauzen internet prototipoak egiteko oinarrizko plataforma teknologikoa da.

Tailerra teknologia libreekin zer egin daitekeen ikusi eta praktikan jarri nahi duten helduentzat zuzenduta dago eta gehienez 15 parte-hartzaile izango dira. Ez da beharrezkoa ezagutzak izatea parte hartu ahal izateko. Parte hartzaileek tailerrera bere ordenagailua (eramangarria) ekarri beharko dute. Ez balukete, habianteknologia@oarsoaldea.eus en idatziz harremanetan jar daitezke. Tailerra parte-hartzaileentzat doakoa izango da.

Julen Mendoza Errenteriako alkatearen hitzetan “Habian! proiektuaren bidez Errenteria eta Oarsoaldeko ekonomia eraldatu nahi da, sorkuntzan eta elkarlanean oinarritutako eredu batean bihurtzeko”. Horretarako bi haztegi jarri dira martxan: Habian! Fabrika Kreaktiboa eta Habian! Teknologia Kreaktiboa. Teknologia berrietan, artisautzan edo bestelako ofizio sortzaileetan oinarritutako proiektuekin datozen ekintzaileei laguntza zerbitzua eta jarduera bertan garatzeko espazioa eskaintzen zaizkie. Tailer honen bidez, Torrekuan egiten denaren berri eman nahi da eta, era berean, teknologia pertsonengana gerturatu.

Izen-ematea bakarra da bi saioentzat eta epea azaroaren 22an bukatuko da edo tailerraren 15 tokiak betetzen direnean, inskripzio ordena errespetatuz. Zalantzarik izanez gero, 943 49 41 29 telefonora dei daiteke edo habianteknologia@oarsoaldea.eus helbidera mezua bidali.