Beraungo estadioa jendeak erabiltzeko ireki dute

Aurrerantzean nahi duten guztien eskura jarri dute Beraungo udal estadioa doan erabiltzeko aukera, astegunetan, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 16:30 arte, ordu horretatik aurrera eskola kiroleko eta kirol federatuko taldeentzat erreserbatuta dago instalazioa. Horrela jakinarazi du Errenteriako Udalak; erabakia bat dator bizimodu fisikoki aktibo eta osasungarria eraman dezaten pertsonak mobilizatzeko helburuarekin onartutako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integralean jasotakoarekin.

Futbol zelaia zein atletismo pistak erabili ahal izango dituzte erabiltzaileek, baina ez da sarbiderik emango ez aldageletara, ez argi sistemara.

Estadiora kantinaren eremutik sartuko da eta derrigorrezkoa izango da instalazioa erabiltzeko arauak betetzea.

Neurri hori, aurretik adierazi den bezala, bat dator Jarduera Fisiko eta Kirolarako Errenteriako udalak onartutako Plan Integralarekin, eta ildo berean hartu diren beste neurri batzuen osagarria da, zehazki, Fanderiako frontoia eta Beraungo erabilera anitzetarako kirol pista jendearentzat doan irekitzearena.