Ingurumen-hezitzaileak ibiliko dira kalean hondakinak gaika biltzeko sistema berriaz informatzeko

Astelehenean hasi eta ostirala bitartean hiru ingurumen-hezitzaile ibiliko dira kalean hondakinak gaika biltzeko sistema berriaren inguruan herritarrak informatzeko. Jakina den bezala, azaroaren 13az geroztik txartel elektroniko berria behar da edukiontzi grisa eta marroia irekitzeko, txartel zaharra baliogabetua gelditu delarik. Errenteriako etxebizitza eta lantoki guztietara bidalita daude txartel berriak. Horretaz gain, 12.000 etxebizitza eta 1.100 komertzio bisitatu dituzte erabiltzaile berriei informazioa eta materialak banatzeko; eta herritarrentzako informazio bulegoak zabalik jarraitzen du Herriko Plazan, udaletxearen sarreran.

Talde guztiek adostutako neurria

Errenteriarrak, orokorrean, oso ondo egokitu dira sistema berrira eta zuzen ari dira bilketa egiten, hondakinak behar bezela bereiztuz eta bost edukiontzietatik dagokionean utziz. Edukiontziak asteko 7 egunetan eta eguneko 24 ordutan ireki daitezke, herritarrei erraztasunak emate aldera. Hala ere, lehen aste honetan jokaera desegoki batzuk antzeman dira zenbait gunetan, hala nola: hondakin poltsak lurrean uztea edota, utzitako hondakinak ez behar bezala sailkatzea. Jokaera horiek ahalik eta bizkorren zuzentzeko, udalak ingurumen-hezitzaile talde bat jarriko du datorren astean herritarrei aurrez aurre informazioa eta laguntza emateko. Neurri hori talde politiko guztien artean adostu zuten bere garaian.

Erdialdeko kaleetan zehar ibiliko dira astelehen eta asteartean. Asteazkenetik ostiralera, hainbat auzotara ere joango dira, hala nola, Kaputxinoetara, Beraunera edo Iztietara. Goizez eta arratsaldez ibiliko dira ahalik eta pertsona gehienekin egoteko. Identifikazio-txartel bana emango dute soinean herritarrek errezago ikus ditzaten.

Bestalde, hondakinak etxean gaika biltzeko kuboa eta poltsak ez dituzten herritarrak Herriko Plazako etxolara joan behar dute jasotzera abenduaren 15a baino lehen, bertan emango zaie materiala eta informazioa. Jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera 8:00-13:30 / 17:00-19:00 eta larunbatetan 10:00etatik 13:00era.

Errenteriako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei, modu aktiboan parte-hartzeagatik. Kontsentsu bidez erdietsi eta talde politiko guztiek aho batez onartutako sistema honen bitartez, Errenteriako birziklapen-tasak nabarmen egingo du gora, herritarren laguntzaz. Ingurumenerako eta osasun publikorako berebiziko garrantzia dauka jatorrian hondakinak ondo bereiztea eta dagokion edukiontziaren barruan uztea, kontuan hartuz materia organikoa poltsa konpostagarrietan bakarrik utzi daitekeela.