Udalaren erakunde adierazpena, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta

Bihar, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta hori dela-eta erakunde adierazpena kaleratu dute udala osatzen duten alderdi guztiek adostasunean. Honela dio adierazpenak hitzez hitz:

Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala
“Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna”
Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari

Azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, Errenteriako Udaletik berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia, eta erreparazioa ere bai.

Modu integralean landu eta ulertu behar den erreparazio hau aurrera eramateko erabat beharrezkoa da, udalekin batera, gainontzeko erakundeek berdintasuna sustazeko politikak beharrezkoak diren baliabideekin osatzea. Dirua, pertsonak eta legeak eskaini behar dizkiete politika hauei.

Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera.

Erreparazio honen helburua indarkeria matxistaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.

Beraz, emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu:

  • Errenteriako Udalak konpromezua hartzen du agenda politikoan indarkeria matxistak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeria matxistarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten. Azken finean, biolentzia matxistari aurre egiten dion emakume bakoitzari arreta eta erreparazio integral bat eskaintzeko konpromezua hartzen dugu. Hau bideratzeko erabat beharrezkoa delarik emakume hauekin zuzenean lan egitea, koordinazio interinstituzional erreal bat izatea eta guztia mugimendu feminista eta emakume taldeekin elkarlanean gauzatzea.
  • Errenteriako Udala, 2018ko aurrekontuari begira, berdintasun azpisaila beharrezkoak diren baliabidez hornitzera konprometitzen da. Baliabide ekonomiko nahiz giza baliabideak indartu eta egonkortzeko konpromezua hartuaz.
  • Gure konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen.
  • Errenteriako Udalak, herritar guztiak mugimendu feministak azaroaren 25erako deitu duen manifestazioan parte hartzera animatzen ditu. Manifestazioa herriko plazatik abiatuko da arratsaldeko 19:00etan. Hala nola, emakumeen kontrako biolentziari aurre egiteko antolatu diren ekimen guztietan parte hartzeko deia ere luzatzen du.