Gurs-eko kontzentrazio eremura bisitan joan da herritar talde bat

Herritar talde bat Gurs-eko kontzentrazio eremuan izan zen bisitan pasa den asteburuan. Pikoketa, Oarsoaldeko Elkarte Errepublikanoak, La Ilusión kolektiboak eta Errenteriako Udalak antolatu zuten irteera.

Josu Txueka historia irakasleak parte hartu zuen Gurs-era egindako bisita horretan, eta hark esan zuenez gutxienez Errenteriako 38 pertsona egon ziren kontzentrazio eremu horretan. Kontzentrazio eremua ikusi ondoren, ondoko hilerrian ekitaldia egin zuten han hildakoen omenez. Garazi Lopez de Etxezarreta zinegotziak adierazi zuen, “gerra aipatzen dugunean, gerra frontea datorkigu burura, baina gerrak gizarte osoan du eragina eta kontutan izan behar dugu hori”.

Pikoketa elkarteko ordezkariek gogorarazi zuten, Gurs-en dagoen basoa ez dela naturala, “lotsa ezkutatzeko landatutakoa baizik”.

Udal txistularien doinuen ondotik, Agurra dantzatu zuten, eta ondoren, lore sortak utzi zituzten han hildakoen omenez jarritako monolitoetan.