Abenduaren 26an auzo-konpostaren ikuskaritza egingo dute Errenteriako 6 guneetan

Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara hileroko jarraipen-bisita egingo du Udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, hobaria aplikatzen zaie beraien zabor-tasan. Programa honetan parte hartzen duten familien inplikazioari esker, euren etxebizitzetan sortzen diren hondakin organikoak hirian bertan kudeatzen dira, hondakinen prebentzioan lagunduz eta hondakinen kudeaketa hiritik kanpo egitean sortzen diren berotegi efektuko gasen isurpena ekidinez. Aldi berean, Udalak hondakinen kudeaketaren kostuen zati bat aurrezten du, aipatu familiek sortutako biohondakinak zuzenean beraiek kudeatzen dituztelako. Horrela, lehengo astean Agustinetako familia ezberdinek, auzolanean, kalitatezko konposta atera zuten gune horretako ontzietako batetik eta besteak beste, Udalak berak Errenteriako herri-baratzetan banatzeko nahiz lorezaintzarako ongarri moduan erabiliko du. Larunbat honetan Fanderiako auzokonposta egiteko guneko zenbait familiek ere heldutako konposta duen ontzietako bat hustuko du, bertatik ateratako konposta familien artean banatzeko.

14:00etan Fanderiatik abiatuta

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko jarraipen-bisiten antzera, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño (Arramendi igoeran dagoen puntua lehenik, eta Gaztaño 44koa, segidan), Alaberga eta Uztargi haurreskola. Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo posta elektronikora idatzi, hurrengo asteartea baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Era berean, oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.