Euskara ardatz, haurren jolas guneetan eragingo du Familia Jolasean egitasmoak

Itziar Ostolaza, Maialen Arrieta, Malen Diez eta Gorka Urruzola, agerraldian.

Otsailetik aurrera, eta ekainera bitarte, Familia Jolasean egitasmoa jarriko dute martxan. Familietan aisialdia euskaraz sustatzeko helburua du egitasmoak, eta horretarako haurren jolas esparruetan egingo dituzte ekintzak, kalean. Errenteriako Udalak Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean garatuko du proiektua.

Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak adierazi du horrelako ekintzak garrantzitsuak direla herri kohesioaren ikuspegitik. Horrez gain, euskara erdigunean jarri nahi izan dutela nabarmendu du, hizkuntza ere kohesiorako tresna gisa ulertuta. Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko Gorka Urruzola, Malen Diez eta Maialen Arrieta ere agerraldian izan dira. Azken biak ariko dira dinamizatzaile lanetean Familia Jolasean proiektuan.

Proiektua 0-8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei (guraso nahiz zaintzaile) dago zuzenduta. Saio hauen bitartez familian euskararen erabilera sustatzea bultzatu nahi dute, eskola ordutegitik at eta euskara hutsean gauzatuko diren aisialdi jardueren bitartez, hau da, euskaraz bizitzeko bultzada eman nahi diete familiei jolasak eta kantuak landuz. Hizkuntza ohiturak sustatzeko eta sendotzeko esparrurik egokienetakoa da familia, eta programa honen helburua da gurasoei eta zaintzaileei tresnak ematea euren ardurapean dauden haurrekin euskaraz aritzeko.

Aurretik egin izan dira tankerako proiektuak, baina familiei eskatu izan zaie toki zehatza batera joateko. Orain, jolas eremu naturalean eragiteko asmoa dute, eta gainera, erdiguneaz gain eskaintza auzoetara zabaltzea da aurtengo erronka; beraz erdigunea baztertu gabe herriko zenbait gune aukeratu eta eguraldiak lagun, jolasguneetan burutuko dituzte saioak. Parte hartu ahal izateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea baina bai familian aritzea. Bi hezitzaile arduratuko dira astero dagokioen parkean edo eremuan jolasak eta ekintzak dinamizatzeaz.

Saioak ostiralero egingo dituzte, ekainera arte, herriko jolasgune batean.
17:30-19:00 bitarte.
Lehenengo saioa: Otsailaren 2an. Pablo Sorozabal plaza (Beraun).

Hurrengo egunetan zehaztuko dute aurrera begirako egutegia. Informazio gehiago www.gazteria.errenteria.eus webean edo 943449640 telefonora deitu.

Kuadrillategi egitasmoa

Bestetik, Kuadrillategi egitasmoak aurten izan duen gorakada ere aipatu dute. Aurreko ikasturteekin alderatuta izena ematea bikoiztu egin dela esan dute, 60 bat gaztera iritsiz. Gorka Urruzola begiraleak, hala ere, nabarmendu du, nahi duenak oraindik ere parte hartzeko aukera duela.