Añarbeko Baso Erreserbari buruzko horma-irudi panoramikoak jarri dituzte Iztietan eta erdialdean

Kategoria gabe 2018-02-02 | 0

Añarbeko Baso Erreserba gizartean eta herritarren artean ezagunagoa izan dadin, Udalak, Niessen merkataritza-gunearekin elkarlanean, horma-irudi panoramikoak jarri ditu Iztieta auzoan eta erdialdean. Beraietan ikusi daitezke Añarbeko  inguruneetan, Arano eta Goizuetako mugan, dauden baso helduak, anitzak eta baso-gune jarraituak.  Halaber, flora eta faunari dagokienez, espezie multzo garrantzitsuak daude, baso horien kontserbazio ekologikoaren beharra daukatenak, horregatik  garrantzitsua da gizakien eragina ahalik eta txikiena izatea (egur ustiaketa, ehiza, zarata, jende gehiegi ibiltzea…). Honako espezie hauek aipatu daitezke: basakatua, katajineta, erbinudea, azkonarra, urtxintxa, orkatza, basurdea, okil beltza, hontz ertaina, izokin arrunta…

Añarbeko baso natural publikoa Errenteriako eta Donostiako Udalen jabetzakoa da, Errenteriako Udala jabe nagusia bada ere. 1995ean izendatutako Aiako Harria Parke Naturalaren babes eremuan daude baso handi horiek. Geroago, 2004an, Europako Batzordeak Natura 2000 Sarearen barruan sartu zuen Aiako Harria, dauzkan bioaniztasun baloreengatik. Ondoren, 2013an, Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen, horrez gain, habitat naturalak eta espezieak kudeatzeko neurriak ere onartu zituen.

Horrela, Udalak gogorarazi nahi du udal baso horretan hainbat jardueren debekuak indarrean daudela etorkizuneko Añarbeko Erreserba Eremuaren lur esparruetan: (1) egurra ekoizteko birlandatze-jarduera komertzialak, (2) moto zein ibilgailu motordunak Idoia-Susperregitik Aldura, Urdaburu eta urtegi aldera, eta (3) baso pistetatik kanpo BTT txirrindak ibiltzea. Udaleko eta Aiako Harria Parke Naturaleko basozainek arau horiek eta bestelakoak ere gorde daitezen lan egiten dute egunero, Añarbeko herri ondare naturala babesteko helburuz.

No comments yet.

Utzi erantzuna