Inauteriak direla eta jai parekideen aldeko eta eraso sexisten kontrako kanpaina jarri dute martxan

Berdintasuna | Inauteriak | Kultura 2018-02-05 | 0

Errenteriako Udalak inauterietako festetara begira eraso sexisten aurrean jarduteko kanpaina jarri du martxan. Batetik, errespetuzko jarrerak aldarrikatzea du helburu, bestetik,  tabernetan erasoen aurkako informazioa zabaltzea hainbat material erabiliz.

Jaietan jende asko biltzen da ospatzeko eta ondo pasatzeko gogoarekin. Festetan emakume eta gizonak kalera ateratzen dira eta jendarte arauak malgutzen dira. Hau dela eta jaietan garrantzi berezia hartzen du elkar errespetatzeak eta elkarbizitzarako jarrerak bultzatzeko beharrak.

Batzuetan, emakumeok, emakume izateagatik, aurre egin behar diete gogaitu edo inbaditu egiten dituzten pertsonei, eta, baita jazarpen eta eraso egoerei ere. Tabernak, jai leku direnez, toki aproposak dira sentsibilizaziorako eta errespetuzko eta tratu oneko harremanetarako ekintzak aurrera eramateko.

Abian jarritako kanpaina honen helburuak hauek dira: batetik, errespetuzko jarrerak aldarrikatzea, guztion gozamenerako jaiak izan daitezen, inolako eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transfoborik gabe; eta bestetik, tabernetan erasoen aurkako informazioa izatea, nola jokatu behar duten jakiteko. Horretarako, materiala sortu, eta helaraziko diete:

  • Jai parekideen aldeko kartela, Festetan beldurrak gurekin jai leloarekin.
  • Eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa.
  • Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu, ERANTZUN!! Pegatina. Animatu egingo dituzte pegatina hau emakumeen komunean jartzera, edo taberna, txosna edo elkarteko arduradunentzat ikusgai dagoen toki batean jartzera.

Eraso egoeraren bat gertatuz gero herritarrak udaltzainekin harremanetan jartzera gonbidatzen dituzte. Udaltzainak kanpaina honen parte dira eta egoera hauei aurre egiteko argibideak jaso dituzte.

Gizarte zerbitzuak, berdintasunerako azpisaila eta Udaltzainak koordinatuta daude egoera bakoitzean ahalik eta erantzun egokien eta azkarrena eman ahal izateko. Udaltzainak, aldi berean, Ertzaintzarekin koordinatuta daude.

No comments yet.

Utzi erantzuna